

CIPARAIISeko ordezkariak (ezkerretik eskuinera, Caritas, Gurutze Gorria, Alter, Ilundain Fundazioa, Gaztelan eta Pobreziaren aurkako Sarea)
2007. urtetik diru-sarrerarik ez duten etxeen kopurua bikoiztu egin da Nafarroan, eta kide guztiak langabezian dauden etxeen proportzioa 3,3 aldiz handiagoa zen 2010ean, 2007an baino. Horiek dira, besteak beste, Berdintasunerako eta Gizarte Integraziorako Ikerketa Zentroa (CEPARAIIS) elkarteko kideek gaur aurkeztu duten azterlanean agertzen diren datuak. Zentro hori NUPek sortu zuen, eta hartan parte hartzen dute egoera ahulenean dauden sektoreentzat lan egiten duten nafar entitateek. “Krisiaren eragina Nafarroako kohesio sozialean” izenburuko hausnarketa jardunaldia egin du gaur sare horrek, eta bertan zentroaren ikerketa lerroak eta lanaren lehen emaitzak aurkeztu dira.
CIPARAIIS plataforman NUPeko ikerketa talde batzuen sare bat eta Nafarroan sektore ahulenentzat lan egiten duten entitate nagusiak biltzen dira: Pobreziaren aurkako Sarea, Caritas, Gurutze Gorria, Gaztelan Fundazioa eta Ilundain Fundazioa. Halaber, Hiritartasunari, Bizikidetzari eta Aniztasunari buruzko UNESCO Katedraren babesa du.
Zentroa sortzeko asmoa zen desberdintasun, pobrezia eta gizarte bazterketa prozesuen ezagutzan aurreratzeko ikerketa lerroak garatzea. Helburua da hiritarrei zein administrazio publikoei aipatu arloei buruz adostutako diagnostiko bat eskaintzea, eta, aldian behin, lortutako emaitzak biltzen dituen txosten bat prestatzea.
Lehen fase honetan, ikerketaren erreferentziak hiru lan-lerro izan ziren: gizarte bazterketa egoera larrienak identifikatzen dituzten adierazleak (Biztanleria Aktiboaren Inkestan eta Bizi Baldintzen gaineko Inkestan islatzen direnak); gizarte entitateek berek jasotzen duten eskaera, bazterketa egoeran daudenei premia-premiako laguntza emateko bideak eskaintzen dizkieten horiena; eta berrogeita hamar kasu bereziren azterketa, krisiaren ondorioz gizarte entitateek lagundu beharreko egoera mota guztiak bilduko dituztenak (langabezian dauden etxeak, oinarriko errenta jasotzen dituztenak, atzerritarrak/hemengoak, guraso bakarreko etxeak/bakarrik bizi direnak, eta abar).
Kasu horietako bakoitzean elkarrizketa sakonak egin dira familien bizitzaren alderdiei buruz, eta krisiak ekarri dien eraginari buruz. “Hiritarrek eta arduradun politikoek familia horien eguneroko bizitzaren eta zailtasun zehatzen errealitatea ezagutu behar dute, arazo horiei aurka egiteko bide hoberena bilatu aurretik”, dio azterlanak.
Lehen emaitzak
Egindako analisitik ondorioztatzen da langabeziak Estatuan, oro har, duen eragina baina nabarmen txikiagoa dela Nafarroan, “baina etxeetan izan duen gizarte eragina ez da hain ezberdina izan, krisiaren inpaktoa halako sektore ahul batzuetan metatu delako”. Horiek horrela, azterlanaren arabera, kide guztiak langabezian dituzten etxeen proportzioa (11.600 etxe) 3,3 aldiz handiagoa da 2010ean 2007an baino. Gizarte babeserako mekanismoek (besteak beste, langabezia sorospen eta laguntzek) bigundu egin dute langabeziak sektore baztertuenetan duen eragina, "baina, hala eta guztiz ere, diru-sarrerarik ez duten etxeen kopurua bikoiztu egin da 2007-2011 aldian, eta Nafarroa, diru-sarrerarik ez duten etxeen % 2,9rekin, bitarteko egoeran gelditu da, Estatuan, oro har, dagoenaren antzekoa”.


Ezkerretik eskuinera, Miguel Laparra (Alter-UPNA) eta Ubaldo González (Pobreziaren aurkako Sarea), gaur emandako prentsaurrean.
Diru-sarrerarik ez izatearen egoeran, egileen ustez, Nafarroako 7.000 etxe egongo lirateke. “Oinarrizko Errenta egoteak diru-sarrerarik ez duten etxeak ugaltzea eragotzi behar zuen. Baina programaren sarrera eta irteera kopuru handiak, tramitazioaren berandutzeak eta sartzeko baldintzek, antza, asko mugatu dute haren babes-ahalmena”, diote egileek.
Beste alde batetik, agerian dago krisiaren urteotan sektore baztertuenei laguntza ematen dieten entitateek bete duten gizarte eginkizun handia. Azterlana 18 entitate nagusiek erregistratu dituzten datuetan oinarritzen da, eta erakusten duenez, 2007. urtearekin alderatuta arreta jaso duten pertsonen kopurua % 36 igo dela; 2010ean, 35.000 pertsona izan direla uste dute. Zenbait erakunderen kasua adierazgarria da, adibidez, Caritasena, aldi horretan arreta jaso dutenen kopurua % 60 igo delako.
2010ean entitate horietan arreta jaso duten pertsonen profilari dagokionez, 10etatik 4 35 urtetik beheitikoak dira, ez dute inolako enplegurik (% 63), ez eta inolako diru-sarrerarik ere (5 52) eta errentako pisuan bizi dira (% 72). Emakumeak dira talde horren gehiengoa (% 54) “baina datuek erakusten dutenez krisiak proportzio handiagoan kaltetu ditu, gizonak baino, eta bazterketa handienaren taldean duten ehunekoa 7 puntutan igo da.
Zailtasunak eta estrategiak
Banakako kasuen azterketak egoera orokorren gaineko ikuspegi kualitatiboagoa eman digu. Etxe askotan, enplegu ordaindua eskurazteko ezintasunak eta zenbait gizarte prestazio berandu jasotzeak zorren igoera ekarri dute. “Horregatik, oinarrizko beharrak arriskuan jartzen zituzten behar guztiz larrien egoeren aurrean, etxea galtzera ere iristen baitzen, entitateek, batzuetan, prestazio horiek aurreratu behar izan dituzte”.
Entitate horiek emandako datuekin bat, elkarrizketatutako familien hitzetatik ondorioztatzen da maizago heldu behar izan dietela Elikagaien Bankuari, arropategiari, familiaren laguntzari eta gisako baliabideei. Azterlanak adierazten duenez “alokairua edo hipoteka ordaintzeko zailtasunak kezkagarriak dira, baina hilabeteko ordainketak, argia edo ura, esate baterako, ere bai". Kostuak murrizteko behin eta berriro erabiltzen diren estrategietako batzuk ditugu famili-unitateak etxebizitza berean bizitzea, edo familiaren etxera itzultzea.
Laburbiltzeko, ikertzaileek diotenez “krisiaren eraginak, beste gizarte sektore batzuetan gastua doitzea edo aisia murriztea sortu duen bitartean, gizarte zailtasunean dauden pertsonentzat zorrak igotzea, ordaintzeko ezintasuna eta oinarrizko beharrak asetzeko oztopo handiak ekartzen ditu".
Hausnarketa jardunaldia
Gaur, ostiralean, Osasun Zientzien eraikineko ekitaldi aretoan egin den hausnarketa jardunaldia Gizarteratze eta Gizarte Berdintasunerako Ikerketa Zentroak antolatu du. Aurten, jardunaldiaren ardatza da nolako eragina izan duen krisiak Nafarroan pobrezia edo gizarte bazterketa egoeran edo arriskuan dauden pertsonengan.
Lehen zatian parte hartu dute gizarte entitateek eta NUPeko ALTER ikerketa taldeak, prestatu duten azterlanari buruz. Jardunaldiaren bigarren zatia mahai-inguru bat izan da. Parte hartu dutenak dira ondoko entitateen ordezkariak: Gurutze Gorria, Caritas, Ilundain Fundazioa, Gaztelan Fundazioa, NUPeko Alter Taldea eta Pobreziaren aurkako Sarea (entitate hauek CIPARAIIS osatzen dute). Programa osoa www1.unavarra.es/actualidad/congresos helbidean dago.