Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak ostiral honetan, maiatzak 6, 2010-11 kultura-ikasturtearen amaiera ekitaldia egingo du. Iruñeko Gayarre Antzokian egingo da, 20:00etatik aurrera. Ekitaldia 2010eko Sormen Sarien emanaldiarekin hasiko da, eta Unibertsitateko Antzerki Taldearen emanaldi batekin amaituko da, “Hagamos un trato” lana estreinatuko baitu. Ekitaldia irekia da baina, aurretik, gonbidapena jaso behar da NUPen Kultura Jardueretako Bulegoan, Ikasgelategian, eta hori egiteko epea bihar, ostiralean, bukatuko da 14:30ean. Gainerako sarrerak Gayarre Antzokiko lehiatiletan jasoko dira.

Sormen Sarien sei modalitateetan, guztira 81 lagunek parte hartu dute, izan ere, iaz baino bederatzi lagun gehiago. Lehiaketa hauek dira: argazkigintza, narratiba gaztelaniaz eta euskaraz, poesia gaztelaniaz eta euskaraz, eta Campus Music. Sormen Sarien xedea da unibertsitate komunitateko jarduera artistiko eta kulturala hainbat eremutan sustatzea eta hedatzea. Lehiaketak irekita daude Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleentzat, irakasle eta ikertzaileentzat, administrazio eta zerbitzuetako langileentzat, Adiskideak eta Ikasle Ohiak Programako kideentzat, eta Esperientziaren Gelako ikasleentzat.

Unibertsitateko Antzerki Taldearen antzezpena

Kultura-ikasturtearen itxiera ekitaldiaren bigarren zatian NUPeko Antzerki Taldeak “Hagamos un trato” antzezlana estreinatuko du Iruñean. Antzezlana Óscar Orzaizek zuzendu du eta Mario Benedettiren poema, ipuin eta eleberrietatik ateratako testu multzo bat da, Miguel Goikoetxandiak egokitu duena.

Mario Benedetti uruguaiarra “belaunaldi kritikokoa” izan zen eta bere garaiko krisialdi politiko eta ekonomikoak eragina izan zuen beragan. Borroka horrek ezinbestean erbesteratzera behartu zuen herrialdez herrialde, eta hori beti dago agerian bai bere bizitzan bai bere lanean. Guztiz leku batekoa ere ez izatearen barne hutsunea, edo norberaren etxera itzultzean arrotz sentitzea, bere idazkietan behin eta berriz agertzen diren gaiak dira, eta horietatik sortu da “Hagamos un trato” lana.

Antzezlana dagoeneko aurkeztu dute unibertsitateko hainbat antzerki jaialditan Burgosen, Ourensen, Zaragozan eta Vigon.