Ezkerretik eskuinera, Luis Gandía eta José Carlos Urroz Hidrogeno Taldeko ikertzaileak, Manuel Montes (Hidrogenoren Zentro Nazionala) eta Pedro Dieguezekin (aipatu taldeko zuzendaria).
Manuel Montes jaunari harrera egin diote Pedro Diéguez Elizondo Hidrogeno Taldearen zuzendari eta Mekanika, Energetika eta Materialen Ingeniaritza Saileko irakasleak, eta Ignacio Matías Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko zuzendariak.
Hidrogeno Taldeak dituen proiektuen berri eman diote Manuel Montes jaunari. Talde hori 2001. urtetik aurrera aritu da lanean Acciona Biocombustibles enpresak finantzatzen duen programa baten esparruan, enpresa horrek babesten ditu-eta Taldearen ikerketak hidrogenoaren teknologiekin zerikusia duten gaietan. 2007tik aurrera jarduera hori CENIT (Consorcios Estratégicos Nacionales de Investigación Técnica) programan sartzen da. Ikerketa lerroen ardatzak izan dira hidrogenoa sortzea energia berriztagarrien bidez, teknologia horren segurtasuna eta gas hori erregai gisa erabiltzea barne errekuntzako motorretan.
Hidrogenoaren Teknologien eta Erregai-pilen arloetako Esperimentaziorako Zentro Nazionala, bere aldian, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak dituen Instalaciones Científicas y Tecnológicas Singulares (ICTS) izena duten 24 instalazio berrietako bat da. Zentroak Puertollanon du egoitza (Ciudad Realen), ikerketa zientifiko eta teknologikoan aritzen da, hidrogenoaren eta erregai-pilen teknologiei dagozkien alderdi guztietan, eta komunitate zientifiko eta teknologiko nazional osoaren zerbitzura dago eta irekia nazioarteko lankidetzarako. Zentroa buru-belarri dago sartua alor horretan Europan dauden koordinazio eta lankidetza ekimenetan.
Zentroaren zuzendariak egin duen bisitan, halaber, Nafarroako Unibertsitate Publikoko hidrogenoaren arloko ikertzaileekin izan daitezkeen lankidetza bideak aztertu dira.