(Saltar navegación e ir al contenido)
Jorge Oteiza Katedra
Javier Echeverría
Balioen gaineko ohiko gogoeta ontasunari buruzkoa eta balio moral, erlijioso eta estetikoei buruzkoa izan da. Alabaina, balioen eremua nabarmen zabaldu da XX. mendetik zehar. Badirelako, baita ere, balio ekonomikoak, epistemikoak, teknikoak, politikoak, kulturalak eta sozialak; are balio ekologikoak eta militarrak, eta ezin denak balio moralen esparruan itxi. Axiologia ikuspegi anitz batetik begiratzen bada, zenbat balio-mota, beste hainbeste ontasun-mota bereizi beharko ditugu. Aniztasun axiologikoak balioa eta ontasuna bezalako kontzeptuak berriz pentsatzera eramaten gaitu.
Beste alde batetik, balioen eremuko ezaugarri nagusia polaritatea da. Edozein baliok bere aurkako balio du, bere ifrentzua. Balioak ontasunaren ikuspegitik ikertzea ez ezik, posiblea da, baita ere, gizakiak pairatzen ditugun gaitzak eta beren balioespenak kontsideratzea. Horixe da ikastaro honen ikuspegia. Beti dago gaitz handiago bat, baina horrek ez du esan nahi gaitz erabatekorik dagoenik. Ezta heriotza ere.
Hipotesi hauek aintzat harturik, hiru gaitz zehatz aztertuko dira, gezurra, miseria eta galera, baita haiekin loturiko beste hainbat ere: desonestasuna, hondamena, zaharkitzea, horrorea, bortxakeria, gerra eta abar. Gaitzak balioestean, beti bereizten ditugu graduak. Horregatik posible da axiologia negatibo bat, eta horixe nabarmenaraztea izango da ikastaroaren helburu nagusia. Balioen eremua bere alderdi dirdiratsu eta argiz beterikotik aztertu beharrean, alderdi ilun eta itzaltsutik ekingo diogu. Gaitzak bereizten dira elkarren artetik, eta balioesten ahal dira, batzuetan xehe-mehe.
Orokorrean esanda, ezbaian jarri nahi da balio moralak gainontzeko balioen gainetik daudelako ohiko ikuspegia. Ontasunei buruz pentsatzea ez da nahikoa, gaitzei buruz ere pentsatu behar da. Litekeena da gaitzaren balioa aztertzeak bidea ematea balioen eremua sakonago aztertzeko. Gaiztakeriak ere balioek gidatuta izaten dira, balio positiboek eta negatiboek. Arazoa da gizakiaren ekintzak, baita egoerarik txarrenean egiten direnean ere, gidatzen dituzten balio-sistemak aztertzea.
Jorge Oteiza Katedra
Sario Eraikina
Arrosadiko Campusa
31006 Iruñea