(Saltar navegación e ir al contenido)
Jorge Oteiza Katedra
Enrique Lynch
Nafarroako Museoko Hitzaldi-aretoan (Iruñea)
Errepublikaren X. liburuan azaldutako Poesiaren aurkako anatema ezagun haren garaietatik, aitortu gabeko antzekotasunez eta susmoez beteta bizi izan dira elkarrekin filosofia eta literatura, eta, izan ere, mendeetan, "filosofia eta letrak"errotulu akademikoaren mendean elkartu dituzte biak. Pentsamendu zientifiko-teknikoaren eklosioak, alde batetik, eta bestetik, joan den mendeko hizkuntzari buruzko ikasketen garapen joriak, oreka kendu diote azkenean elkarbizitza agurgarri hari; hainbesteraino, ezen, gaur egun erabakigarria iruditzen baitzaigu galdetzea, ba ote den benetan -edo komeni ote den izatea- berdintasuna edo bereizketa filosofia eta literaturaren artean.
Galdera horrek, zeinak diziplinak bereizteko behar soila gainditzen baitu, aurrea hartzen dio luzez Triviumak duen gaurkotasunaren edo ezgaurkotasunaren gaiari, eta ez da konpontzen forma poetikoaren edo literatura fikzioen estatutu filosofiko edo teorikoa berrikustearekin; aitzitik, filosofiak bere buruari buruz egiten duen irudikapenari eragiten dio, batez ere, filosofiaren definizioa bada natura zientzien metodologia hutsa gainditzen duen zerbait. Halatan, filosofia literatura generotzat hartzea eskandaluzkoa da, ez bakarrik diskurtso filosofikoak egia izateko duen ohiko asmoa zikintzen duelako, baizik eta ematen duelako zalantzan jartzen dituela filosofatzeak berak dituen baldintzak, espirituaren lan arduratsua edo jakiteko nahia den aldetik.
Eztabaida bereizgarri (edo berdintzaile) horren ingurukoak ikertuko ditugu, azalduz Platonen anatemaren prozesua eta konponketa, gaiari lehendabiziko hurbilketa egiteko hizkuntzaren teoriaren argitan. Bigarren urrats batean, poetikoaren estatutua berrikusiko dugu, ulertzeko zein ikuspuntutik begira uztartu daitezkeen -oraindik- poesia eta egia. Hirugarren saio batean, mitoaren dimentsio narratiboa aztertuko dugu, ametsak izan dezakeen logikaren aldetik hartuta. Eta, laugarren irakasgaiak, Novalisen ("filosofia prosa bera da") izen ilunaren mendean, gure garaiko pentsamenduaren prosaismoa landuko du. Poesia eta zehaztasuna, mitoa eta narrazioa, prosa eta iritzia, guztiak ere azterturik, espero izatekoa da horrek modua emango digula gure espiritu izaeraren bi dimentsio ukaezin horien berdintasunaren edo/eta bereizketaren ildoak ezartzeko
Jorge Oteiza Katedra
Sario Eraikina
Arrosadiko Campusa
31006 Iruñea