• ES
  • EU
  • EN


2008ko abenduaren 10a [Erakundeak]

Jürgen Habermas pentsalari alemana, 2008ko Brunet sariduna da, justizia eta giza eskubideen defentsa moralean erakutsitako konpromisoagatik

zoomPatricio Hernández, Epai-mahaiko idazkaria, epaia irakurtzen.

Patricio Hernández, Epai-mahaiko idazkaria, epaia irakurtzen.

Jaime Brunet Giza Eskubideen Aldeko Nazioarteko 2008ko Sariaren epaimahaiak Jürgen Habermas pentsalari, soziologo eta filosofo alemanari eman dio saria, justiziaren eta giza eskubideen alde erakutsitako konpromiso moralagatik. Daniel Innerarity Grau folosofia irakasleak eta Saiakera Sari Nazionalaren irabazleak aurkeztu du Habermas irakaslearen hautagaitza.

Iragarpena gaur goizean egin da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Errektoretzan egindako ekitaldian. Bertan izan dira Alberto Pérez Calvo eta Patricio Hernández irakasleak, epaimahaiburuordea eta idazkaria, hurrenez hurren.

Habermas irakasleak baditu sona handiko beste sari batzuk, ondoko hauek aipagarrienen artean: Gizarte Zientzietako Asturias Printzea Saria (2003), Hegel sariak (1974), Sigmund Freud (1976), Adorno (1980). Alemaniako Hizkuntza Akademiaren kidea da, eta "honoris causa doktorea" Jerusalem, Buenos Aires, Hamburg, Utrecht, Evanston, Atenas, eta Tel Aviveko unibertsitateetan eta New Yorkeko New School for Social Research izenekoan.

Aurten, Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren 60. urteurrena betetzen den urtean, Jaime Brunet Sariaren epaimahaiak Habermas irakaslearen irudia nabarmendu nahi du. Izan ere, pentsalari eta unibertsitateko irakasle honek bere zientzia ibilbidean zehar defendatu du elkar ulertzera eta argudio onena bilatzera bideratutako komunikazio-arrazionaltasun bat, gizon-emakumeen borondarearen oinarri legitimo gisa. Horretarako, testuinguru demokratiko baten alde agertzen da, bizitza politikoa antolatzeko eredu gisa; eredu horretan, hiritar prestatuek parte hartzen dute, bai eta hainbat alternatibari buruz eztabaidatu eta hitz egin ere.

Epaimahaiak azpimarratu nahi du, halaber, Habermasen baikortasun demokratikoa, irakasleak uste baitu arauen unibertsaltasuna, balizkoa izan arren, justizia betetzeko berme formala dela. Garrantzi berezia ematen zaio adimen morala eta adimen teknologiko eta instrumentala aldi berean garatzearen alde egin duen apustuari. Horrek dakar hiritar heldu eta autonomoak prestatzea, beren sinesmen sendoenak zalantzan jarri eta eztabaida demokratikoaren emaitza onartzeko prest egongo direnak.

Epaimahaiak aipatzen duenez, "egia narratibo tradizional edo mitiko baten defentsan oinarritutako identifikazio kolektibo nazionalak iraunarazi ordez, Habermasek hiritarrek parte hartzeko paradigma berria bultzatzen du, gizakien elkar-ulertzea xede duen elkarrizketa arrazoituan oinarritua. Elkarrizketari irekitako gune bat, aurretik onartutako arauak hobetuko dituzten argudio berriei tokia egingo diena".

Epaimahaiak une honetan nabarmendu nahi du "Jürgen Habermasek egin duen apustua hiritarrek bizikidetza eredu zehatz batean parte-hartze politikoa izatearen alde. Eredu hori oinarritzen da konstituzionalismo berriaren -giza eskubide unibertsalen karta onartu eta bereganatzen duena- lege oinarrizkoari arau balioa ematen dioten prozedura diskurtsiboekiko begirunean".

Aktaren arabera, "gizaldi berri honetan, zeinean terrorismo mehatxatzaile eta hiltzailea eszena publikoko protagonista bihurtu den eta sarri ez zaion berari justiziaren balioen araberako erantzuna ematen, Habermasen printzipio moralek sekulako garrantzia hartzen dute", eta Jaime Brunet Sariko epaimahaiak hori nabarmendu nahi du sari hau emanez.

Jürgen Habermasen profila

Jürgen Habermas (Dusseldorf, 1929) XX. mendearen azken zatiko eta XXI. mende hasierako filosofiaren pentsalari garrantzizkoenetakoa da. Bere lanaren bidez, ez du soilik gizartearen teoria kritikoa aldatu eta eguneratzeko proposamen bat sendotu, baizik eta, horrez gain, pentsamendu filosofiko eta soziologiko modernotik datozen erreferentziak gehitu dizkio.

Habermas Frankfurteko Eskolaren kide da, eta Teoria Kritikoaren ordezkari behinenetakoa. 1956tik 1959ra arte, Adornoren laguntzaile eta lankidea izan zen Frankfurteko Soziologia Institutuan. 1961ean, bere gaikuntzaren defentsa egin zuen, arlo publikoa kontzeptuan oinarritzen du (Öffentlichkeit). 1964tik 1971era arte, irakasle aritu zen Frankfurteko Unibertsitatean, eta Teoria Kritikoaren ordezkari behinenetakoa bihurtu zen. 1971tik 1983ra arte, Max Planck Institutuko zuzendaria izan zen, eta mundu tekniko-zientifikoaren bizi-baldintzak ikertu zituen".

Beren osotasunean hartuta, Jürgen Habermasen lanak ez dira oso ulerterrazak. Filosofo honen interes anitzek eta bere planteamendu teorikoen zehaztasunak, hainbat esparrutako ikerketei behin eta berriz aipamena eginez eta haietaz baliatuz, pentsalari polemiko baten aurrean gaudela erakusten digute. Bai soziologia eta filosofia arloko gaiak eta bai zientzia eta politika arloko gaiak ditu jomuga. Heidegger, Hegel eta Lukács filosofoen eragina jaso, eta "ezkerraren gaiak" ukitzen hasten da. Marx, Benjamin, Marcuse, Horckheimer eta Adorno irakurtzen ditu. Nazismoak beldurtuta -proiektu modernoaren adierazpen mingarriena beharbada-, indar guztiz saiatzen da proiektu honi berriz ekin, interpretatu eta egiteko gakoa aurkitzen komunikazioaren esparru intersubjektiboan.

1981ean, "Komunikazio ekintzaren teoria" lan erraldoia argitaratu zuen. Soziologia arloko lana da, gizartearen teoria orokorra: gizartearen jatorria, bilakaera eta patologiak. 1981etik aurrera, bere interesa filosofia praktikoan oinarritzen da: morala, etika, zuzenbidea eta justizia. "Kontzientzia morala eta komunikazio ekintza" eta "Moraltasuna eta etika" liburuetan, zeinak 1986. urtean argitaratu baitziren, etika bat unibertsaltasun arauemaile batean oinarritu eta hala geure garaiko eszeptizismoari aurre egiten saiatzen da.

Fundazioa eta Jaime Brunet Saria

Jaime Brunet Fundazioa Kultura Fundazio pribatua da, gizarte interesa eta izaera iraunkorra dituena, eta bere helburuak dira giza duintasuna, oinarrizko askatasunak eta giza eskubideak errespeta daitezen sustatzea eta, era berean, gizatasunik gabeko egoerak edo tratu iraingarriak ezabatzea. Fundazioak helburu horietara bideraturiko jarduerak eta balio horien errespetuarekin loturiko azterketak sustatzen ditu.

Fundazioak, besteak beste, Jaime Brunet Romero sarirako deialdia egiten du ondoko hauek saritzeko: lan zientifiko bat; lan literarioa zein ikus-entzunezkoa; edo giza eskubideen sustapenean nabarmendu den pertsona zein erakunde baten ibilbidea.

Jaime Brunet Romero Baionan (Frantzia) jaio zen 1926ko uztailaren 20an, eta 1992ko urtarrilaren 4an zendu zen Donostian (Gipuzkoa). XVIII. mendean Gipuzkoara etorritako kataluniar ekintzaileen familia batean jaio zen (han garatu zuten industria jarduera garrantzitsua), eta ideia liberaletan eta bere garaiarekiko ikusmolde kritikoan hezi zuten. Aitak bideratu zuen Zuzenbide ikasketetara. Jaime Brunet Goitia, bere aita, alderdi errepublikanoaren burua eta Udaleko alkateordea izan zen Donostian, non bere aitona eta birraitona alkate izanak baitziren lehenago. Valladolideko unibertsitatean egin zituen ikasketak, eta han irakasle laguntzaile ibili zen aldi batez.

Irakurle porrokatua zen, eta hizkuntzak ikasteko grina zuen. Azken zaletasun horri esker, erraz moldatu zen egin zituen makina bat bidaiatan. Izan ere, bere garaiko zailtasunak izan arren, hogeita hamarretik gora herrialdetan ibili zen. Aitortzen zuenez, bidaia horietan erreparatu eta konturatu zen orain bezala zenbat diskriminazio eta bortizkeria dagoen, zenbat gehiegikeria egiten dituzten boteretsuek behartsuen aurka, eta zer-nolako erraztasunarekin urratzen diren egunero gizakiaren oinarrizko eskubideak.

Bizitzako azken urteetan giza eskubideen egoera eta herritarraren askatasunaren defentsa bihurtu ziren bere kezka nagusi, bai eta administrazio publikoaren gehiegikerien aurrean ere. Ondorengo zuzenik izan ez zuenez, eta bidegabekerien aurka oldarrarazten zuten sentimenduek bultzatuta, erabaki zuen bere ondarea oinordetzan uztea, bere izena izango zuen fundazio bat sortu ahal izateko bera hil eta gero. Fundazio horren helburua da giza eskubideak hedatzea, eta beren alde egindako lanarengatik aitorpen hau jasotzeko merezimenduak zituztenak saritzea. Hala bada, Jaime Brunet Romero Fundazioa sortu zen, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan ezarri zen egoitza, testamentuaren bidez jasotako borondateari jarraituz.