• ES
  • EU
  • EN


2018ko abuztuaren 10a [Erakundeak]

CEIN SL enpresa publikoak jaso du NUP-eko Entitate Nabarmenaren II. Saria 2018an

Erakundeak aintzatespena jaso du Unibertsitatearekin daukan loturarengatik, izaera ekintzaileari emandako babesarengatik eta alor horretan egindako aholkularitza lanarengatik

zoomSariaren epaimahaia. Ezkerretik eskuinera, Rafael Rodríguez, Iosune Pascual, María Kutz, Cristina Bayona, Ainhoa Aznárez, Idoya Zabaleta, Peio Ayerdi, María José Beriáin eta Silvia Arazuri

Sariaren epaimahaia. Ezkerretik eskuinera, Rafael Rodríguez, Iosune Pascual, María Kutz, Cristina Bayona, Ainhoa Aznárez, Idoya Zabaleta, Peio Ayerdi, María José Beriáin eta Silvia Arazuri

Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako Lehendakariordetzaren mende dagoen CEIN SL enpresa publikoak (Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Europar Zentroa) Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Entitate Nabarmenaren II. Saria jaso du, zeinak jardunbide
egokiak aitortzen baitizkie NUPekin edo Unibertsitate-Gizarte Fundazioarekin lankidetza formaleko hitzarmen bat duten edo izan duten erakunde eta entitateei.

Sariak CEINen lana aintzatetsi du; izan ere, zentro hori 1996az geroztik ari da NUPekin elkarlanean, hiru helbururekin: izaera ekintzailea sustatzea, Unibertsitatean ekintzailetzarako gaitasuna garatzea eta Unibertsitateko kideek enpresa berritzaileak sor ditzaten laguntzea. Aliantza horren emaitza gisa, 2006an Enpresak Sortzeko Unibertsitate Laborategia (LUCE) abiarazi zen, CEINek kudeatua, Unibertsitateko komunitatearen artean ekintzailetza bultzatzeko jarduerak antolatzeko eginkizunarekin. Gainera, laborategi horrek garrantzi berezia ematen die ikasleei, gai horri buruzko aholkuak eta prestakuntza ematen baitie, irakaskuntza-programetan eta ikerketa-taldeetan eduki jakin batzuk emanez. Sortu zenetik, 15.000 ikaslek hartu dute parte LUCEren jardueretan.

22 urteko lankidetza

zoomCEINeko instalazioak

CEINeko instalazioak

CEINen eta NUPen arteko lankidetza 1996. urtean hasi zen, Unibertsitateak enpresen aurreinkubagailua (Sario eraikinean kokatua) martxan jarri zuenean, eta zenbait ikastaro abiarazi zituenean enpresen sorkuntzari eta negozioen inguruko ideien garapenari buruz, baita lehiaketak eta ekintzailetzaren asteak ere.

Horrez gain, 2017an Unibertsitateko Gizarte Kontseiluaren ekimenez sortutako NUPeko Ekintzaileen Klubeko kidea da CEIN, eta, Unibertsitatearekin batera, ekintzailetzaren fenomenoa nazioartean aztertzen duen GEM ikerketan (Global Entrepreneurship Monitor) hartzen du parte, Nafarroako errealitatea ezagutzeko.

Azkenik, nabarmendu beharra dago CEINek kudeatutako enpresa-mintegietako entitateen portzentaje handi bat NUPeko egresatuek garatu dituzten ekimenak direla. Era berean, CEINen ekintzailetza-programetan parte hartzen duten ekimenetako asko, “Ekintzailetza Bultzatzea” kasu, Unibertsitatearen edo bere egresatuen eskutik sortu dira.

CEINen ibilbidea 1988. urtean hasi zen, eta, gaur egun, bere instalazioetan 32 lagunek egiten dute lan (24 emakumek eta 8 gizonek). Bere ekintza-eremuetako bat enpresa-proiektu berrien sorrera bultzatzera bideratuta dago, batez ere estrategikoak eta ezagutzaren iturri diren sektoreetan, hala nola unibertsitateetan edo ikerketa-taldeetan. Halaber, zerbitzu espezializatuak ematen dizkie pertsona ekintzaileei, enpresa bideragarriak, bereizgarriak eta hazi nahia dutenak abiaraztea lor dezaten. Bestalde, bere berrikuntza-mintegien bitartez, ahalmena duten enpresa berritzaileen hazkundea, garapena eta jasangarritasuna sustatzen ditu.

Saria eta epaimahaia

Entitate Nabarmenaren Saria urtero ematen da, eta haren bidez zenbait ekintza sustatu nahi dira: ezagutza transferitzea, Unibertsitatetik hasi eta berrikuntza teknologiko eta sozialeraino; NUPeko egresatuen prestakuntza osoa eta laneratze kualifikatua babestea; ikertzaileen, ikasleen eta egresatuen artean ekintzailetzarako ekimena sustatzea; eta errealitate ekonomiko eta soziala Unibertsitateko komunitatera hurbiltzeko aukera emango duten topaketetan, mintegietan, hitzaldietan edo bestelako jardueretan parte hartzea. Halaber, Unibertsitateak eta gizarteak lankidetzan gauzatzen duten eta garapen ekonomikorako eta aurrerakuntza sozialerako bultzada handia den ekintza oro indartu nahi da.

Sariaren irabazlea erabaki duen epaimahaiak Cristina Bayona Sáez Ikasleen gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako errektoreordea izan du buru, eta honakoek osatu dute: Rafael Rodríguez Trías eta Silvia Arazuri Garín Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko eta Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko zuzendariak, hurrenez hurren, María José Beriáin NUPeko ikerketa-institutuen ordezkari eta IS-FOOD institutuko zuzendaria, eta Peio Ayerdi Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako Lehendakariordetzaren kabineteko burua. Bestalde, Idoya Zabaleta Arregui NUPeko A3U programaren zuzendaria epaimahaiaren idazkari aritu da.