• ES
  • EU
  • EN


2017ko ekainaren 06a [Erakundeak]

Doktoretza Tesien eta Unibertsitateko Jaime Brunet Sarien irabazleek beren sariak jaso dituzte NUP-en

María Chiara Marullo gerra krimenei buruzko tesi baten egilea da, eta Izaskun García, errefuxiatuei buruzko gradu amaierako lan batena

zoomEzkerretik eskuinera, María Chiara Marullo, Carlosena errektorea eta Izaskun García.

Ezkerretik eskuinera, María Chiara Marullo, Carlosena errektorea eta Izaskun García.

Chiara Marullok eta Izaskun García Barberenak Doktoretza Tesien eta Unibertsitateko Jaime Brunet Sarien irabazleek, hurrenez hurren, joan den astean jaso zituzten beren sariak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP). Alfonso Carlosena erakunde horretako errektorea eta Jaime Brunet Fundazioko lehendakaria izan zen ekitaldiaren buru, eta Unibertsitateko agintariak eta aipatu fundaziokoak izan ziren bertan.

Tesien Brunet Sariaren irabazleak, María Chiara Marullok, doktoretza ikerketa honi esker lortu zuen saria: “Las tendencias internacionales en tema de jurisdicción internacional y la experiencia española”. Lanak nazioarteko zigor sistema aztertu du, justizia globalaren eta giza eskubideen babesaren testuinguruan, eta hura osatzen duten tresnak eta zigorgabetasunaren aurkako borrokan duten funtzioa aztertzen ditu.

Bestalde, Izaskun García Barberenak lan honi esker lortu zuen saria: “Socio-economic aspects of the refugee crisis in the European Union and Europe’s role in its management” (“Europar Batasuneko errefuxiatu-krisialdiaren alderdi sozioekonomikoak eta Europaren rola haren kudeaketan”). Lan horretan egileak azaltzen zuen “nola krisi honek erakusten duen babes eta immigrazio politikak, bai eta mugak kontrolatzeko arauak ere, ez direla iraunkorrak eta mehatxupean daudela lorpen garrantzitsuak, hala nola Schengen eremua”.

Errektoreaz gainera, erakunde ekitaldian izan ziren Eloísa Ramírez Vaquero Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako errektoreordea, Inés Olaizola Nogales NUPeko idazkari nagusia, Alicia Chicharro Lázaro Ekonomia eta Gizarte Zientzien Fakultateko dekanordea eta Mar Rubio Varas Unibertsitateko irakaslea, Izaskun Garcíaren tutorea.  Horretaz gainera, Jaime Brunet Fundazioko mahaikide hauek parte hartu zuten: Javier Blázquez Ruiz, Antonio Gorri Goñi, José Luis Iriarte Ángel eta Guillermo Perinat Elío. Francisco Javier Zamora Cabot Jaume I Unibertsitateko Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko Saileko katedraduna ere han izan zen. Aipatu katedradunarekin lankidetzan jarduten du Marullok.

Giza eskubideei buruzko lanen aitorpena

Aurten eman da lehenengo aldiz Doktoretza Tesien Jaime Brunet Saria, eta bere xedea da giza eskubideekin eta haien defentsa eta sustapenarekin lotura zuzena duen oinarrizko ikerketa edukia daukaten tesien balioa aitortzea. Sarian, 2.000 euro eta lanaren argitalpena ematen dira.

Bestalde, Giza Eskubideei eta Garapenerako Lankidetzarako Jaime Brunet Unibertsitateko Saria 2.000 eurokoa da, eta pertsonen eskubideen defentsa eta babesari buruzko eta garapenerako lankidetzako gaiei buruzko hobekuntza eta proposamenen gaineko gradu edo master amaierako lanak saritzen ditu.

Sari horietaz gainera, Jaime Brunet Fundazioak Jaime Brunet Nazioarteko Saria ematen du. Reprieve britainiar GKEari eman zitzaion 2016ko deialdian, heriotza zigorraren eta torturaren, Guantanamoko presondegiaren eta dronek herritar zibilen aurka egindako erasoen aurka borrokatzeagatik.