Martin Azpilikueta, legelari eta teologo ezaguna izan zen. "Nafar doktorea" ezizenarekin zen ezaguna, eta Barasoainen sortu zen 1492an. Bere garaiko bizitza politikoan eta elizaren bizitzan begirunea irabazi zuen gizona izan zen, Felipe II.ak eta Portugalgo Juan III.ak aholkularitzat eduki zutena.
Salamancako Unibertsitatean sartu zituen berrikuntza pedagogikoei esker, irakaskuntzako pertsonaia garrantzizko bihurtu zen, eta ospe horrek eraman zuen, 1538. urtean, Coimbrako Unibertsitateko zuzendaritza akademikora, Portugalgo erregeak hala eskatuta.
Teologia moralaren barruan, bere obra erlijioso garrantzizkoena da Manual de confesores y penitentes. Hura XVI. mendeko ekoizpen teologiko-moralaren lehen "best-seller"etako bat izan zen. Bere helburua zen laguntza ematea aitortzaileei, penitentziaren ministerioa aplikatzeko garaian. Testu hura lehen aldiz Coimbran argitaratu zen (1552), eta geroztik laurogeita bat edizio eduki izanzituen, Trentoko Kontzilioak ezarritako elizbarrutiko seminarioetako eskuliburua izan baitzen.
Latinezko edizioa 1573. urtean argitaratu zen —Enchiridion sive manuale confessariorum et poenitentium—, eta horri obraren hasieran hamar atariko gehitu zitzaizkion.
NUPen daukagun obra —Compendivm manvalis Navarri—, Lyonen inprimatu zuen 1593an Thibaud Ancelinek, latinezko edizioaren laburpen bat da eta Pietro Lagonak egina da.
Laburpenak Enchiridion delakoa erosoago erabili ahal izateko onak ziren, baita nafar doktorearen doktrina bolumen txikiagoan edukitzeko ere. Azpilikuetak ez zuen begi onez ikusi batzuek, laburpena egitean, bere doktrinari egiten zioten interpretazioa.