Miguel Serveten bizitzan (1511-1553) jazarpena eta polemika ez ziren falta izan. Errenazimentuko gizon bat izan zen, adimen zorrotzeko poliglota eta zuzenbide, medikuntza eta teologiako ezagutzak zituena. Medikua zen lanbidez, eta historiara pasatu da odolak biriketatik zirkulatzen duela deskubritu zuena zela jotzen delako, eta ideia erreformistak zituelako teologian. Jazarria izan zen bere iritzi heterodoxoengatik, eta bai agintari katolikoek, baita protestanteek ere jazarri zuten, halako moldez non Frantziako Inkisizioak bere irudia erre baitzuen, eta Kalbin erreformatzaile protestanteak bizirik erre baitzuen.
Eztabaidagai da Miguel Servet Nafarroan edo Aragoin jaio ote zen. Iritzi zabalduenaren arabera, Villanueva de Sijenan (Huesca) jaio zen, baina nortasun faltsu bat hartu zuen, "Nafarroako Erresumako Tuteran jaiotako Miguel de Villanueva", katolikoen eta protestanteen jazarpenari ihes egiteko.
Enchiridion hau, izenburuak berak adierazten duen bezala, medikuntza-erremedioen eskuliburu bat da, hau da, gaur farmakopea bat esango genukeena. Batzuek diote Thibault Lespleigneyk egindakoa zela, baina ematen du gehiena Miguel Servetek egin zuela. Nola jazarri zuten kontuan hartuta, oso litekeena da Servetek bera zela egilea ezkutatu nahi izatea. Frellon anaiek inprimatu zuten Lyonen. Lyongo inprimatzaileak funtsezkoak dira Serveten bizitzan. Izan ere, Jean Frellonek esan zuen harentzat "adiskidea eta anaia zela".
Ale hau, dakigunez, Espainian dagoen bakarra da, eta munduan geratzen den bakarretakoa.