Yehuda ha-Levi Tuteran jaio eta Egipton hil zen, Jerusalemerako bidean. Medikua, teologoa eta Espainiako hebreerazko literaturaren poetarik handienetakoa izan zen. Arabiar kultura eta tradizio judua oso ongi ezagutzen zituen.
Goiz utzi zuen Tutera, Kordoban luze egoteko, eta gero Granadan. 1153. urtean Espainia utzi zuen Lurralde Santura hiltzera joateko. Ez dakigu Jerusalemera iritsi ote zen. Kondaira asko dago bere heriotzari buruz.
Atsegina omen zen izaeraz, eta poeta ezaguna zenez bere garaiko intelektualen adiskide egin zen, eta haien konfiantza bereganatu. Abraham Ibn Ezraren eta Benjamin Tuterakoaren garaikidea izan zen, eta lehenaren adiskidea ez ezik, ahaidea ere bazen.
Oso erlijiozalea zen, eta juduen erlijioa mehatxupean egon zen aro batean bizitzea egokitu zitzaion, baina tinko eutsi zion fedeari, musulmanen eta kristauen aurka arituz.
Poeta eta apologista moduan nabarmendu zen, batez ere. Poesiaren genero guztiak landu zituen: poesia profanoa, erlijiosoa, baita arabiar poesiaren ohiko gaiak ere. XIX. mendean hari eta haren obrari buruzko ikerketen gorakada izan zen.
NUPen daukagun Yehuda ha-Leviren obra poema erlijioso bat da, Ester erreginari dedikatua. Ester Itun Zaharreko pertsonaia bat da, tradizio juduan Jainkoaren borondatearen tresna bat dena, herri juduaren hondamendia galaraztea helburu duena, bakea babestuz eta bermatuz, Nabukodonosor erregeak Babiloniarako atzerriratu zuenean K.a. 597. urtean.