Hau Lucio Marineo Siculoren obrarik garrantzizkoena da. Siculo Errenazimentuko historiagile eta humanista siziliarra zen, bere bizitzaren parterik handiena Espainian bizi izan zena. Salamancako Unibertsitateko irakaslea izan zen, eta hil zen arte Fernando Katolikoaren eta bere seme Karlos V.aren zerbitzuan aritu zen, kronikagile eta nobleen hezitzaile.
(…) De rebus Hispaniae memorabilibus 1530ean inprimatu zen latinez, eta baita gaztelaniaz ere, izenburu honekin: De las cosas memorables de España. Obra honetan egileak Iberiar Penintsularen deskribapen bat egiten du, laudatzeko asmoz, historia, geografia eta etnografia kontuan hartuz. Karlos V.ak hala nahi izan zuelako, 1533ko edizioan, azken liburua, pertsonalitate nabarmenei buruzkoa, kendu egin zen. Egileak obraren bukaeran ematen duen arrazoia da "bekaitz handia sortuko zelako, baita liskar justua ere, gure obran ez zeuden askorengan". Beraz, orri horiek kenarazi ziren eskuragarri zeuden aleetan, eta edizio berri bat egin zen, latinez eta gaztelaniaz, zati hori kenduta. NUPen bertsio oso bat gordetzen da, eta oso gutxi dira geratzen diren bertsio honen aleak.
Ikertzaile batzuen arabera, azken liburua kentzeko egiazko arrazoia izan zen egile erasmistak goraipatzen zirela. Inkisizioak kondenatu egin zuen erasmismoa, eta erasmistak jazarrita zeuden.
Obra inprimatu zuen Migel Egiak berak, Erasmoren obraren dibulgatzaile handienetakoa izan baitzen, Inkisizioaren jazarpena pairatu zuen, eta bi urteko kartzela kondena eduki zuen erasmismoa zabaltzeagatik. Migel Egia lizarratarra bere garaiko inprimatzailerik onenetakoa izan zen. Arnaldo Gillen Brocarren suhia zen, eta hau hil zenean Alcaláko inprimategiaz arduratu zen.