Ikusi liburua

Logroñoko 1610eko fede autoa, "Zugarramurdiko sorginen autoa" bezala ezagutzen dena, Inkisizioak sorginen aurka egin zuen azken epaiketa handietako bat izan zen. Luis de Fonsecak kristauak zentzatzeko asmoz idatzi zuen Relacion summaria del auto de la fe (…) honetan, sorginkeriaz akusatutako berrogeita hamahiru pertsonaren aurka aurkeztu ziren karguak eta akusazioak kontatzen dira. Berrogei Zugarramurdi ingurukoak ziren, eta horietatik hamaika sutan hiltzera kondenatu zituzten. Sei bizirik erre zituzten, eta beste bosten irudiak erre zituzten, kartzelan hil zirelako epaiketaren zain zeudenean. Damutu eta berradiskidetu ziren Zugarramurdiko beste hamazazpi auzokoren izenak aipatu ziren, baina horietako zortzi hil ziren presondegian zeudenean.

Prozesu honek oihartzun handia eduki zuen bere garaian. Alonso Becerra, Juan de Valle eta Alonso de Salazar Frías inkisidoreek zuzendu zuten. Azken honek oso paper garrantzizkoa jokatu zuen. Sorginkeria kasurik ez zela izan frogatzen tematu zen, eta lortu zuen Inkisizioak bere jokabidea aldatzea, azkenean onartu baitzuen 1610ean oker handia egin zuela eta ez zuen berriro sorginen aurkako prozesurik ireki.

Relación summaria… honen Logroñoko edizioa ezagutzen zen. NUPen gordetzen den alea, Juan Baptista Varesiok Burgosen inprimatua, ezagutzen den bakarra da. Logroñokoak ez bezala, Burgosko edizioak kondenatuen eta damutuen izenak ematen ditu.

Bildumara itzuli