30 bitxi bibliografiko

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Liburutegiaren funts historikoan.

Ikusi bilduma
slider image slider image slider image slider image slider image slider image

NUPen ondare bibliografikoa

Erakusketa

Erakusketa birtual hau Nafarroako Unibertsitate Publikoa bere sorreraren 30. urteurrena (1987-2017) ospatzeko egiten ari den jardueren artean kokatzen da. Aukera hau baliatu nahi dugu NUPeko Liburutegian gordetzen den ondare bibliografiko guztiaren zati txiki-txiki bat erakusteko.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Antzinako Funtsaren bilduma 1940 baino lehenagoko 7.500 obra inguruk osatzen dute, eta Unibertsitatea sortu zenetik aurrera hari gehitu zitzaizkion eskolen liburutegietako lanetan du jatorria, hots, Irakasletza Eskolako eta Atarrabiako Nekazaritza Ingeniaritza Teknikoko Eskolako lanetan.

Lan horiei gehitzen joan zaizkio Liburutegiak berak 1995. urteaz geroztik erosi dituen beste hainbat, nafar idazleen obrak, Nafarroan inprimatuak eta Nafarroarekin loturiko gaiei buruzkoak berreskuratu eta ikertzaileen eskura jartzeko helburuz, funtsean ezagutza akademiko eta zientifikoetara bideratuta.

Horrez gain, bilduma aberasten duten balio historikoko lanak biltzeko hirugarren iturri bat aipatu beharra dago, hain zuzen Unibertsitateko ikertzaileek berek ikerketa-proiektu jakinentzako euskarri gisa eskatuta erositako lanak.

Bildumak interes handiko lanak bildu ditu, hala nola nazioarteko ospea daukaten nafar sendagile, legelari edota ekonomialari nabarmenen lanen zenbait ale bakar. Horren adibide dira XVI. eta XVII. mendean Europako zenbait hiritan (Erroma, Paris, Amsterdam, Leipzig, Milan, Leiden, Londres, Lyon...) argitaratu ziren egile horien edizioak, eta horien lagin bat ere jaso da erakusketa honetan.

Eskerrak eman nahi dizkiot Belen Altuna NUPeko Liburutegiko zuzendariari proiektu honen buru izateagatik, bai eta erakusketa hau gauzatzeko eraginkortasunez lan egin duten Liburutegiko atal desberdinetako langile guztiei ere. Guztiei esker, posible da Unibertsitatearen ondare bibliografikoa nafar gizartearengana modu erraz eta atsegingarrian hurbiltzea.

Ramón Gonzalo

Ikerketako errektoreordea

Gure ondare bibliografikoa zabaltzeko helburuz, Unibertsitateko Academica-e erakunde-biltegiaren bidez, gure Antzinako Funtsetik hautatutako lan jakin batzuk eskaintzen ditu Liburutegiak, guztiz digitalizatuta eta linean eskuragarri, sarbide irekian, edonork kontsulta ditzan. Bilduma gero eta gehiago hazten ari da, eta une honetan ia-ia 400 lan dauzka.

Aurkeztutako erakusgaia 30 lanez osatzen da, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren sorreraren 30. urteurrenaren balio sinbolikoari helduz. Lan horiek hautatzeko zenbait irizpide baliatu dira, esaterako urritasuna, antzinatasuna, edukiaren garrantzia, egileena, lanak argitaratu zituzten inprimatzaileen garrantzia eta edizioaren ezaugarri espezifikoak.

Lau kategoria finkatu dira: Inkunableak; Nafar ospetsuak, besteak beste Uharte Donibanekoa, Martin Azpilikueta, Benjamin Tuterakoa eta Jeronimo Uztaritz egileen lanekin; Inprimatzaileak Nafarroan, nafar inprimatzaile garrantzitsuen edo inprentak Nafarroak eduki zituztenen lanen aukerarekin, hala nola Arnald Gillen Brocar, Adrian Anbereskoa, Migel Egia edo Tomas Porralis; eta Arraroenak, ale ezagun bakarra dutenak, adibidez Logroñoko fede autoa, 1553ko Nafarroako Gorteen lege kaierak edo Miguel Serveten Enchiridion lana. Horrez gain, lanak denbora-ikuspuntu batetik kontsulta daitezke, mendearen edo argitaratze-dataren arabera, baita argitaratze-hizkuntza irizpidetzat hartuta ere; izan ere, azpimarratzekoa da lagin txiki samar batean hamar hizkuntzatako lanak bildu izana.

Liburutegiak eskerrak eman nahi dizkie erakusketa hau posible egiten lagundu duten eta horretan lan egin duten pertsona guztiei; lehenik eta behin, erakusketa koordinatu duten Liburutegiko langileei: Concha Guijarro eta Alicia Lópezi; testuen edizioan lan egin dutenei: Ana Amigot, Ana Costanilla, Teresa Iturgáiz, Luis Puente, Esteban Ruiz, María José Salinas, Patxi Sengáriz eta María José Quintanari.

Gure Liburutegiko lagun argazkilari “boluntarioei”: Esteban Ruiz eta Laura Urrizari.

Anabel Salvadoresi muntaia eta fotokonposizio digitala eta web orrialdea egiteagatik, Patxi Zabalekin batera.

Eta, azkenik, Unibertsitateko Informatika Zerbitzuari: Ana R.M.i webgunearen diseinuaz arduratzeagatik, eta, Javier Navascués eta Carlos Alonsori beren laguntzarengatik.

Belen Altuna

Liburutegiko zuzendaria