• ES
  • EU


Jarduteko prozedura


Ikuskapen Unitatearen jarduerak printzipio hauetan oinarrituko dira uneoro: erantzukizun profesionala, objektibitatea, konfidentzialtasuna eta inpartzialtasuna.

JARDUTEKO PLANA

Ikuskapen Unitateak jarduteko plan baten arabera garatuko ditu ohiko eginkizunak. Ikasturte bakoitzaren hasieran, errektoreak jarduteko plana onetsi beharko du, eta Gobernu Kontseiluari eta irakasleen ordezkaritza sindikalari jakinaraziko zaie. Jarduera Planaren barruan egongo da irakasleen jarduerari buruzko informazioa biltzeko planak diseinatzea.

Ikuskapen Unitateak bere eginkizunak beteko ditu onetsitako jarduera planarekin bat, edo irakasleen jarduerarekin lotutako salaketengatik edo kexuengatik, horiek oinarri nahikoa badutela baderitzo.

Ikuskapen Unitateko arduradunak ofizioz jarduteko aukera izango du egoki uste duen guztietan edo irakasleen gaietan eskumena duen errektoreordetzak edo ikastegietako zuzendariek edo dekanoek eta sailetako zuzendariek eskatzen diotenean.

BISITAK INSTALAZIOETARA

Ikuskapen Unitateko arduradunak bisitak egingo ditu unibertsitate jarduerak garatzen diren instalazioetara eta egoki jotzen dituen pertsonekin elkarrizketak egiteko eskatuko du, instalazioetan egiten diren lanen garapenean trabarik izan gabe. Ikuskapen Unitateak eskatzen dien informazio guztia eman beharko dute arduradunek.

ZITAZIOAK ETA AGERRALDIAK

Datuak biltzeko xedez, bai informazio espedienteetan bai diziplina espedienteetan, zilegi izango da Ikuskapen Unitateko ikuskatzaileek Unibertsitatearekin lotutako langileei bertaratzeko edo agerraldiak egiteko eskatzea.

DOKUMENTAZIOA ESKURATZEA

Ikuskapen Unitateko langileek erakundeetako eta unitateetako dokumentazio guztia eskuratu ahalko dute, kasu bakoitzean aplikatu beharreko legeriarekin bat. Ezin izango dituzte eskuratu ez Unibertsitateko arartekoaren bulegoan bere eginkizunetarako dauden espedienteak ez gainerako dokumentazioa.

Ikuskapen Unitateko langileek beren eginkizunak betetzean egiten dituzten lanak konfidentzialak eta isilpekoak izango dira Ikuskapen Unitateko kide guztientzat, bai eta jarduketan parte hartzen duten pertsona eta erakunde guztientzat ere.

Ikasturte bakoitzaren amaieran Ikuskapen Unitateko arduradunak txosten bat egingo du, hurrengo ikasturteko jarduteko planaren oinarria ezartzeko balioko duena.

LAGUNTZEKO BETEBEHARRA

Unibertsitateko irakaskuntza agintari guztiek eta langile guztiek behar duen laguntza eta lankidetza eman beharko diote Ikuskapen Unitateari bere eginkizunak garatzeko.

IDENTIFIKAZIOA

Ikuskapen Unitateko langileek beren burua identifikatu behar dute, halabeharrez, ikuskatu behar dituzten pertsonen aurrean. Horretarako, behar den ziurtagiria izango dute.

Ikuskapen Unitateari agintzen dizkioten eginkizunak betetzeko, ikuskatzaileek, beren ziurtagiria erakutsi ondoren, edozein unetan eskumena izango dute, aldez aurretik jakinarazi beharrik gabe, irakasleek eta ikertzaileek beren jarduerak garatzen dituzten eremu guztietara sartzeko.

EGINDAKO JARDUEREI BURUZKO TXOSTENA

Ikuskapen Unitateak jarduerak erregistratuko ditu, eta espediente pertsonalak ezabatuko, abian den prozesua bukatu ondoren.

Era berean, egindako jarduerei buruzko txosten bat egingo du urtero, eta irakasleen gaietan eskumena duen errektoreordeari emango dio.