• ES
  • EU
  • EN

Tutoretza Plana

Tutoretza plana: lagundu, gidatu, orientatu, bideratu, babestu, jarraipena egin, erraztu…

Zer da tutoretza plana?

Nafarroako Unibertsitate Publikoak eskainitako zerbitzu bat da, irakasle bat zure esanetara jarriko duena etapa unibertsitario osoan lagundu diezazun. Unibertsitateak planteatuko dizkizun helburu akademiko, pertsonal eta profesionalak lortzeko beharko dituzun tresnak eta laguntza ematea du helburu.

Bietako edozeinen ekimenez aldez aurretik adostutako zenbait elkarrizketa izaten ahalko dituzu zure tutorearekin.

Nola jartzen ahal zara harremanetan zure tutorearekin?

Ikasturte hasieran, mezu elektroniko bat jasoko duzu Zerbitzuen Atarirako esteka batekin, eta hor sartuta ikusiko duzu zer tutore esleitu zaizun. Tutoreak berak mezu elektroniko bat bidaliko dizu bere burua aurkezteko eta tutoretzek nolako dinamikarekin funtzionatzen duten azaltzeko. Hasiera batean esleitu zaizun tutorea aldatzeko, zure fakultatearekin edo eskolarekin jarri behar zara harremanetan.

Tutorearen izena une oro aurkituko duzu  Zerbitzuen Atariko  "Zure irakasle eta irakasgaiak" fitxan. Erabiltzaile izena eta pasahitza beharko dituzu atarian sartzeko.

Zure tutorearen izena UPNA Academic Mobile aplikazio mugikorraren bidez ere kontsultatzen ahal duzu

Zein da Tutoretza Planaren helburua?

  • Unibertsitateko girora egokitzen laguntzea eta Unibertsitateak zure esku jartzen dituen zerbitzu eta baliabideei buruzko informazioa ematea.
  • Orientazioa ematea zure ikasketa-plana eraikitzeko, zure karrera akademikoa kudeatzeko eta zure kezka profesionalak aurkitzeko.
  • Ikasketei buruz aholkatzea. Ikasteko estrategiak eta ikasteko teknikak irakastea, azterketen eta ebaluazioen garaian laguntza berezia ematea eta zure denbora kudeatzen eta planifikatzen laguntzea.
  • Zure prestakuntza hobetzen ahal duten curriculumetik kanpoko edo unibertsitate hedapeneko jarduerak aukeratzen laguntzea.
  • Mugikortasun programen eta kanpoko enpresa eta erakundeetan praktikak egiteko aukeren berri ematea.
  • Hainbat motatako arazo akademikoak konpontzen laguntzea, erabaki akademiko egokiak har ditzazun azkarregi hartutako edo gutxiegi pentsatutako erabakiak saihestuta.

Zertan lagunduko dizute tutoretzek?

  • Zure tutoreak ongi daki nola funtzionatzen duten Unibertsitateak eta egiten ari zaren ikasketek.
  • Zeure ahalmen, interes, motibazio, balio eta gaitasunak identifikatzen lagunduko dizu.
  • Premia ekonomiko edo sozialik edo osasunarekin lotutako beharrik baldin baduzu, Unibertsitateak eskaintzen dituen zerbitzu espezializatuekin harremanetan jarriko zaitu tutoreak, maiz egiten diren galderak argitzeko.
  • Tutoretzek zure etapa unibertsitarioan laguntzeko eta jarraipena egiteko balio dute, ez zu kontrolatzeko edo erabakiak zure izenean hartzeko.
  • Ez dira irakasgai bakoitzaren eduki akademikoari buruzko tutoretzak bezalakoak. Azken horiek Zerbitzuen Atarirako esteka berean aurkituko dituzu, baita titulu bakoitzaren web orriko ”Irakasgaiak eta irakasleak” atalean ere.

Araudia 

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Tutoretza Plana. Gobernu Kontseiluaren erabakia, 2010eko uztailaren 28koa