Introducir texto para la búsqueda (*)
Introducir texto para la búsqueda (*)
  • ES
  • EU
  • EN

Jarduerak Hegoaldean

Kolonbia

  • Proiektua: Kolonbiako Cauca departamentuko mendiguneko “APIMACIZO” Erlezainen Elkartea bultzatzeko lankidetza teknikoa.
  • Finantzatzailea: NAFARROAKO GOBERNUA.
  • Arduradunak: Paloma Vírseda eta Cristina Arroqui, Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Saila.

Esku-hartzearen helburua honakoa da: Kolonbiako mendiguneko erlezaintza-sektoreari laguntza ematea bere produktuen ezaugarriak zehazten, eta, horretan oinarrituta, produktu horiek kalitatea garatzeko eta mantentzeko duten ahalmena identifikatzea, erlezaintzako ekoizpen-unitate txikiak aurrera ateratzeko borrokan gizarte zibilaren kolektibo gisa dituen gaitasunak indartzearren eta APIMACIZO elkarteari hazten laguntzearren. Hori guztia lankidetza tekniko baten esparruan, ezagutzaren trukea eta transferentzia, aholkularitza, gaikuntza eta ikerketa aplikatua barne eta baliabide naturalak, dibertsitate kulturala eta genero berdintasuna errespetatuz, pobreziaren aurkako borrokan eta premia handiko eremu batean giza garapen jasangarria sustatzen lagunduz.


Mozambike

  • Proiektua: Irakaskuntzako gaitasunen errefortzua Mozambikeko Unibertsitate Katolikoko Nekazaritzako Fakultatean (Cuamba).
  • Finantzatzaileak: NAFARROAKO GOBERNUA eta AECID.
  • Arduraduna:  Paloma Bescansa, Ingurune Naturalaren Zientzien Saila.

NUPeko Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoaren eta Mozambikeko Unibertsitate Katolikoko Nekazaritzako Fakultatearen artean ezarritako harremanen esparruan, prestakuntzako eta laguntza teknikoko proiektu hau proposatu da. Proiektuaren helburua etorkizuneko nekazaritzako ingeniarien hezitzaileen prestakuntza indartzea da.

Nekazaritzaren sektorea da garrantzitsuena Mozambiken, baina profesionalen prestakuntza bi unibertsitate zentrotan baizik ez da egiten gaur egun. Cuamban dagoena (Niass probintzia) ‘Landa Garapena eta Ingurumena’ maisutza-programa ematen hasi zen 2009an NUPekin elkarlanean. Proiektuak hiru ildo nagusi ditu: hasiera batean irakasleei zuzendutako eta, oro har, graduondoko ikasleei irekitako irakaskuntza-moduluak ematea; lurzoruak eta urak aztertzeko laborategi bat ezartzea eta prest jartzea; eta irakaskuntzan laguntzeko bibliografia teknikoa eta materiala eskuratzea.

Lurralde palestinarrak

Proiektuaren helburu orokorra Zisjordaniako eremu palestinarrak duen ahalmen eolikoa zorrotz eta sistematikoki ebaluatzea da. Estazio meteorologikoek sortutako datuetatik abiatuta, emaitzak interpretatuko dira eremuaren ahalmena ebaluatzeko eta aprobetxamendurako interes bereziko kokalekuak hautatzeko, dela energia elektrikoa lortzeko (haize-sorgailuak), dela ura ponpatzeko energia mekanikoa lortzeko (haize-ponpak). Aldi berean, Energy Research Centreko kideei metodologia erakutsiko zaie, eta NUPeko komunitatea proiektuaren inguruan sentsibilizatuko da. Proiektu hau Landa Ingeniaritzaren eta Proiektuen Sailak garatzen du, Nabluseko An Najah Unibertsitatearekin koordinatuta.

Latinoamerika

  • Proiektua: Alfa Funda (Erizaintzako Laguntzaileen Profesionalizaziorako eta Erizaintzako Teknikarien Prestakuntzarako Unibertsitate Prestakuntza).
  • Finantzatzailea: Europe AidALFA III programaren azken deialdian.
  • Arduraduna: Blanca Marín Fernández, Osasun Zientzien Saila.

Proiektua Argentinako ISALUD Unibertsitateak koordinatzen du, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin lankidetzan (NUP), azken hori proiektuaren koordinatzailekide izanik. Honako unibertsitate hauek osatzen dute taldea: Universitá degli Studi di Pavia (UNIPV, Italia), Universidad Peruana Cayetano Heredia (UPCH, Peru), Universidad Nueva San Salvador (UNSSA, El Salvador) eta Universidad Gran Asunción (UNIGRAN, Paraguai).
Helburu orokorra Europako unibertsitateetatik Latinoamerikako unibertsitate kideetara esperientziak eta jardunbide egokiak transferitzea da.

Proiektuaren abiapuntua Latinoamerikan erizaintzako laguntzaileak eta teknikariak goi mailako hezkuntzara sartzea eragozten duten oztopoak kentzea da; izan ere, egoera horrek erizain kualifikatuen gabezia kronikoa eragiten du, batez ere Latinoamerikako eskualderik behartsuenetan.

Horretarako, erizaintzako unibertsitate ikasketen plan berri bat prestatzen ari dira Argentinako unibertsitate koordinatzailean, kolektibo horien sarbidea errazteko. Proiektu honen bokazioa Argentinan izandako curriculum-esperientzia hori Latinoamerikako gainerako unibertsitate kideetan erreplikatzea da.
 

Peru

  • Proiektua: Familia txiroen diru-sarreren eta bizi-baldintzen hobekuntza Andeetako Huancavelica goi eskualdeko biztanleen gaitasunak sendotuz eta Huacaya alpakak hobetuz.
  • Finantzatzailea: Nafarroako Gobernua.
  • Arduraduna: Antonio Purroy, Nekazaritzako Ekoizpen Saila.

Peru munduko lehenbiziko alpaka-ekoizlea da, eta Huancavelican, Peruko eskualderik txiroenean, ekoizpen horren % 8 egiten da. Huancavelican, 3.300 familia baino gehiago aritzen dira alpaken hazkuntzan (21.000 pertsona baino gehiago), itsas mailatik 3.800 eta 5.000 metro arteko eremuetan, non ia ez baitago nekazaritzako eta abeltzaintzako bestelako ekoizpen motarik.

Familia horien diru-sarrera nagusi eta ia bakarra alpaka-zuntzaren salmentatik dator, eta produktu horrek kantitate txikia eta kalitate txarrekoa ematen du. Beraz, proiektuaren bidez diru-sarrera txiki horiek handitu nahi dira, ekoizpena handituz eta alpaka-zuntzaren diametroa murriztuz –hobekuntza genetikoaren eta ingurumen hobekuntzaren bidez– eta tartean dauden ekoizleen eta profesionalen gaitasunak indartuz, horrek eskualdeko biztanleen bizi-baldintzak hobetuko baititu, jasangarritasuna ziurtatzeaz gainera.