Mikel Goñi Garatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktorea. [+]
2009ko urriaren 20an
Munduan biktima gehien eragiten duen hondamendi naturaletako bat da uholdea. Espainian, heriotza gehien eragin eta ondasunei kalte gehien egiten dien hondamendi naturala da, eta, batez ere, eurite handiek sortzen dute. Mikel Goñi Garateak euri uraren-isurketa uraren simulazio eredu berria garatu du NUPen. Eredu hori Nafarroa iparraldean edo Euskal Autonomia Erkidegoaren iparraldean aplika daiteke, non eurite-aldi luzeek ur-korronte handiak sortzen baitituzte. “Eredu honek dakarren berritasuna da —azaltzen du— prezipitazioa osagai ezberdinetan banatzen duela, lurzoruaren hezetasun baldintzen arabera; horretaz gainera, gainezka egin duten edo lokaztuta dauden zonak identifikatzea ahalbidetzen du, eta klima hezeko zona horietan gertatzen diren iraupen luzeko gertaeretan aplikatzen ahal da”.
Bere doktoretza tesia “Zona hezeetako euri uraren-isurketa uraren simulazio eredu bat garatzea. Aplikazioa eta ebaluazioa Gipuzkoako arroburuetan” izenekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Landa Ingeniaritza eta Proiektuen Saileko Faustino Nicolás Gimena Ramos eta José Javier López Rodríguez irakasleek zuzendu dute. Eta bikain cum laude kalifikazioa lortu du. Mikel Goñi Garatea Nekazaritza Ingeniaritzan lizentziaduna da NUPen, eta irakasle laguntzaile doktore moduan lan egiten du bertan, Ingeniaritzaren Adierazpen Grafikoa arloan. Hamar ikerketa proiektutan parte hartu du, nazioko eta nazioarteko 13 biltzarretan aurkeztu ditu ekarpenak, eta zientzia-aldizkarietan argitaratutako sei artikuluren eta Lan Publikoei buruzko Azterketa eta Esperimentazio Zentroak (CEDEX) argitaratutako liburu baten egilekidea da.
Simulazio-eredua errealitatearen sinplifikazio soila da gutxi-asko. Helburu bikoitza du: alde batetik, mundu errealaren izaerari buruzko suposizio batzuk egitearen ondorioak aztertzea; bestetik, era naturalean gertatzen diren zirkunstantzien eraginpean sistema batek nola jokatuko duen aurreikustea. “Galileo Galilei —aipatzen du Mikel Goñik— esan zuen errazagoa zela izarren mugimenduak behatzea, haien arteko distantzia izugarria gorabehera, uraren mugimendua ulertzea baino, baita hau gure begien aurrean gertatzen bada ere. Galileoren garaietatik ikerketa-lan eta garapen handia izan baditugu ere, ezinezkoa da zehazki kalkulatzea ibaibide naturalen ur-emari horiek”.
Helburu horrekin, eredu matematikoak garatzen dira, baina, eredu matematiko bat konfiantza osoarekin erabili aurretik, kalkulatutako emaitzak egiaztatu behar dira. Hori lortzen da kalkulatutako emaitzak laborategian egindako neurketekin eta landa-neurketekin konparatuz. “Simulazio ereduek prozesu naturalak deskribatu ahalko dituzten hurbilketa matematiko batzuk aplikatu behar dituzte simulazio ereduek. Hidrologiaren kasuan, matematikoki irudikatzen dira esanguratsuen irizten diren arro baten balantze hidrologikoko prozesuak”.
Arroburuetako uholde-emariak simulatzea ahalbidetzen duten eredu gehienek gainazaleko isurketa ura (ur korrontea) baizik ez dute simulatzen, eta intentsitate handiko eta iraupen laburreko euriteetarako dira baliagarriak bakarrik (ordu gutxi batzuetatik egun batera). Alabaina, Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoa bezalako klima hezeko zonetan, emari handi gehienak eurite-aldi luzeekin dute lotura (aste batzuetako iraupena izaten dutenekin). Horrek esan nahi du lurzorua astiro hezetzen dela eta beste isurketa ur mota batzuk sortzen direla, lurzorupean astiroago doan baina handiagoa izan daitekeen korronte bat, eta, batez ere, arroen erantzun hidrologikoa baldintza dezakeela, baldin eta euria egiten jarraitzen badu.
“Hain zuzen ere, nire tesiaren helburua da tresna berri bat aurkitzea, ohiko ereduek baino eurite-aldi luzeagoak simulatu, emari mota batzuk kontuan hartuko dituen eredu hidrologiko berri bat garatu eta klima hezeko zonetan ematen diren iraupen luzeko gertaerei aplikatu ahalko zaiena”, azaldu du egileak.
Berritasuna da sortutako ereduak prezipitazioa osagai ezberdinetan banatzen duela, lurzoruaren hezetasuna baldintzen eta gainezka eginda edo lokaztuta dauden zonak identifikatzea ahalbidetzen duten adierazle geomorfologiko batzuen arabera. “Eredu berria ez da mugatzen isurketa ura simulatzera, baizik eta gertaerak irauten duen bitartean gainezka dauden zonen bilakaera arautzea ahalbidetzen du”.
Eredu matematikoa erabiltzea ahalbidetzen duen aplikazio informatikoa garatu eta sortu ondoren, eredua goitik behera aztertu eta ebaluatzea izan zen lehenbiziko lana, bere aplikagarritasuna ezagutu eta arro batean gertatzen diren prozesuen errealitatea behar bezala islatzen zuela egiaztatzeko. Gipuzkoako bi arrotan lan egin zen (Aixola eta Oiartzunen) Gipuzkoako Foru Aldundiko Garapen Iraunkorreko Sailak emandako datuekin. “Aixolako arroako 37 gertaeratan eta Oiartzungo arroako 15 gertaeratan egindako simulazioak egiaztatu dira ebaluazioarekin. Eredu berriak emaitza oso onak izan ditu, eta ohiko ereduak gainditu”.
Azkenik, tesi honek gainazaleko isurketaren kontzeptu berri bat sortu du arroaren geomorfologian oinarrituz. Horrek “prozesua errazten du eta etorkizunean euriaren banaketa espaziala kontuan hartu ahalko da ereduaren konplexutasuna areagotzeko beharrik gabe”.