|
|
 |
Parte hartzeko baldintzak eta destinoak
Nafarroako Unibertsitate Publikoak urtero argitaratzen du urrian ikasleendako
mugikortasunerako deialdia. Ikasketak zati batean atzerrian egiteko asmoa
baldin baduzu, aipatutako epean aurkeztu beharko duzu eskaera, eta programa
zehaztu, Kanpo Harremanetarako Bulegoan.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak eskaintzen dituen mugikortasun programa
guztietan parte hartzeko eskabidea egiterako gaindituta izan behar dituzu
titulazioaren lehenengo ikasturteari dagozkion kredituak.
Programetan parte hartuko dutenak aukeratzea prozesu luzea da; izan ere,
herrialde hartzaileak eskatzen badu, hizkuntza proba egin beharko duzu,
eta, beti ere, zure ikasketa espedienteen arabera egingo da aurreko hautaketa.
Aukeratua suertatzen bazara, Kanpo Harremanetarako Bulegokoek idatziz
jakinaraziko dizute, eta informazio bilera batera deituko dizute prozesua
zehaztasunez ezagut dezazun. Edonola ere, trukaketarako aukeratua izan
bazara, 2. puntuan aurkituko dituzu agiriei, epeei eta abarrei buruz beharko
dituzun argibide guztiak.
Jarraian azaltzen da zein eremu geografikotan egin ahal duzun zure ikasketen
zatia eta programa bakoitzean parte hartzeko bete behar diren baldintzak.
Europar Batasuna - Erasmus Programa
Hezkuntza arloan lankidetzan aritzeko Europar Batasunaren ekintza programa
da Sokrates. Erasmus, berriz, Sokratesen barnean den goi mailako irakaskuntzari
eskaintzen zaion kapitulua da. Ekintza programa horren bidez, unibertsitateek
dirulanguntzak jasotzen dituzte ikasle eta irakasleen mugigaitasuna sustatzeko,
bai eta lankidetza ere Erkidego osoko goi mailako hezkuntza arloan.
Irakaskuntzako abantailez gainera, hainbat abantaila ekartzen ditu programa
honetako beka bat jasotzeak:
Modua ematen du Europar Batasuneko unibertsitate batean ikasketa-aldi
jakin bat egiteko, han egindako ikasketen irakaskuntza-balioa bermatuta
izanda.
Atzerriko hizkuntzak modu aktiboan ikasteko bidea ematen du.
Atzerriko herrialdeko kultura zuzenean ezagutzen laguntzen du.
Europako herrialde batean hartutako esperientzia izanda, handiagoa da
lan merkatuan sartzeko aukera.
Parte hartzeko baldintzak
Nafarroako Unibertsitate Publikoan lehenengo, bigarren edo hirugarren
zikloko ikasketa programa bat egiteko matrikula egin duten ikasleek, ikasketa
horiek titulu ofizial bat erdiesteko balio badute, eta unibertsitatean
lehenengo urtea ez badute. Diplomaturen kasuan, trukaketara atera baino
hilabete lehenago.
Unibertsitate hartzailean hitz egiten duten hizkuntzari buruz tarteko
jakintza maila daukaten ikasleek.
Estatu Batuak/Beste herrialde batzuk - ISEP
Programa
AEBetan eta 30 herrialdetan baino gehiagotan erakunde kideen arteko ikasle
trukea errazteko erakundea da ISEP. Horretaz gainera, "Multilateral
program" izenekoaren bidez, trukeak egin daitezke 59 erakunderen
artean Asian, Australian, Kanadan, Europan eta Latinoamerikan.
Abantaila akademikoez gainera, hainbat dira egitasmo honetan beka bat
izatearen abantailak:
Atzerriko unibertsitate batean ikasketa-aldi bat egiteko modua ematen
du, ikasketen aitorpena bermatuta izanda eta bi erakundeetan ISEPen koordinatzaile
bat edukita.
Atzerriko hizkuntzak modu aktiboan ikasteko bidea ematen du.
Zoazen herriko kultura eta mentalitatearekin harreman zuzena izaten lagunduko
dizu.
Atzerrian hartutako esperientziak lan merkatuan sartzeko aukera gehiago
emango dizu.
Atzerriko unibertsitate batean ikasketa-aldi bat egin dezakezu, zure hirian
ikasketa-aldi horregatik ordaintzen duzunarekin.
Virrey Palafox Programa
Virrey Palafox izenekoa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren programa
berekia da, ikasle trukea Latinoamerikako unibertsitateekin egiteko.
Programa horren bitartez, ikasketen zati bat Latinoamerikako unibertsitate
batean egin ahal izango duzu, bermea izanik aldi horretan erdietsitako
kredituak onartuko dizkizutela itzulitakoan.
|