Joan eduki nagusira

Tuterako Valle del Ebro BHIko Elsa Avizcuri García eta María Arteaga Úcar ikasleek Ikerketako Batxilergoan egindako “Análisis de la elección de estudios desde un enfoque de género” lana aukeratu dute Ikertzaile Gazteen 34. Lehiaketarako . Topaketa Mollinan eginen da, Málagan, ekaineko azken astean, eta 40 lan lehiatuko dira guztira, deialdira aurkeztutakoen artetik aukeratuak (250etik gora).

zoom Elsa Avizcuri García (ezkerrean), Maribel Prieto eta María Artega Úcar (eskuinean) Valle del Ebro BHIn.

Elsa Avizcuri García (ezkerrean), Maribel Prieto eta María Artega Úcar (eskuinean) Valle del Ebro BHIn.

Ikertzaile Gazteen Lehiaketa bere arloko lehiaketarik garrantzitsuena da Espainian. Unibertsitate Ministerioak eta Gazteriaren Institutuak antolatzen dute deialdia, eta 15 eta 20 urte bitarteko ikasleei dago zuzendua. Unibertsitate aurreko etapetan bokazio zientifikoak piztea du helburu, ikasleei erronka hirukoitz bat planteatuz: beren ingurunea aztertzea haiek erantzuten ez dakiten galderaren bat identifikatzeko, gaiari buruz dokumentatzea, eta beren arazoarentzako irtenbide bat proposatzea eta enpirikoki frogatzea.

Maribel Prieto irakaslearen tutoretzapean aritu ziren Elsa Avizcuri eta María Artega, eta Pablo Ijalba Valle del Ebro BHIko Ikerketako Batxilergoko koordinatzailearen babesa izan zuten. Gainera, Irantzu Uriz, María Napal eta Maribel Zudaire irakasleen laguntza ere jaso zuten, hots, Nafarroako Unibertsitate Publikoko KIMUA ikerketa-taldeko eta Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrako kideena.

Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako curriculumaren edozein arlorekin zerikusia duten ikerketa oinarrizkoei edo aplikatuei edo prototipoei buruz egindako lanak saritzen dira lehiaketan. Eskudiruzko sariez gain, parte hartzen duten ikasleek ikerketa-zentroetan egonaldiak egiteko aukera ere lortzen ahal dute.

Aukeratutako proiektua

María Napal NUPeko ikertzaileak azaldu duenez, lanaren jatorria honako hau izan zen: hezkidetzan aurrerapausoak ematen ari diren arren, gaur egun ere emakumeek presentzia txikiagoa dute zenbait ezagutza-arlotan eta jarduera-sektoretan, eta, beraz, beharrezkotzat jotzen da errealitate hori ikusaraztea eta horren kausak ikertzea. Zehazki, ikasketa batzuk edo besteak aukeratzeko arrazoietan sakontzen saiatu dira, eta belaunaldi berrietako neskek ikasketa zientifiko eta teknologikoekiko interes handiagoa nola izan dezaketen aztertzen.

zoom Ezkerretik eskuinera, Irantzu Uriz, María Napal eta Maribel Zudaire NUPeko ikertzaileak.

Ezkerretik eskuinera, Irantzu Uriz, María Napal eta Maribel Zudaire NUPeko ikertzaileak.

Bi ikasleek, KIMUA taldearekin lankidetzan, “lagin handi bat eskuratu zuten, eta teknika kualitatibo zein kuantitatiboak erabili zituzten. Haiei esker, emaitza eguneratuak eta adierazgarriak lortu zituzten neskek hezkuntza-maila horietan hartzen dituzten erabakiei buruz, lagungarriak izan daitezkeenak informazio gehiago izan dezaten”.

Lanean, hiru ikastetxetako azken 10 urteetako datu historikoak bildu zituzten; bi ikastetxetako ikasleekin lankidetzan aritu ziren (Barañain BHI eta Plaza de la Cruz BHI) beren datu historikoetatik ateratako emaitzak jaso eta ustia zitzaten; ikasleei galderak egin zizkieten jakiteko ikasketak aukeratzerakoan nolako eragina duten beren gurasoek eta STEAM arloetako irakasleek (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Artea eta Matematika); eta, parte-hartzaileen artean, STEAM arloen autoeraginkortasuna neurtu zuten (hau da, gizabanakoek norbanakoek zer ezagutza duten beren gaitasunei buruz eta zer konfiantza duten lortu nahi dituzten emaitzak lortzeko edo egoera jakin bati aurre egiteko).