Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikertzaile talde batek artikulu zientifiko bat idatzi du, non aditzera ematen baita infragorri hurbileko espektroskopiak (NIRS, ingelesezko siglen arabera) nolako abantailak dituen eraginkortasun handiko kromatografia likidoaren aldean (HPLC, ingelesezko siglen arabera hura ere) kalamu industrialean THC eta cannabidiol substantziak detektatzeko orduan. Genscore Navarra SL enpresarekin egindako lankidetzaren emaitza da argitalpena. NUPek eta enpresa horrek (egiaztatutako hazi feminizatua Europan merkaturatzen lehenbizikoa) OTRI kontratu bat sinatu zuten 2021ean, Paula Zambrana Bustamantek, artikuluaren sinatzaileetako batek, Elikagaien Industriako Teknologiako eta Jasangarritasuneko Master Amaierako Lana egiteko. Ikerketa sarbide irekiko “Agronomy” aldizkarian argitaratu da, izenburu honekin: “Potential of NIRS Technology for the Determination of Cannabinoid Content in Industrial Hemp (Cannabis sativa L.)”.

zoom Artikulua sinatu dutenak. Ezkerretik eskuinera: Ainara López, Claudia Pérez, Andrés Ábrego, Paula Zambrana, Carmen Jarén eta Silvia Arazuri.

Artikulua sinatu dutenak. Ezkerretik eskuinera: Ainara López, Claudia Pérez, Andrés Ábrego, Paula Zambrana, Carmen Jarén eta Silvia Arazuri.

Ikerlana egiteko, Kompolti kalamu landareekin lan egin zuten. Mota industrialeko barietate bat da hori, psikotropikoen kantitate txikia duelako, hala nola delta-9 tetrahidrocannabidolarena (THC), baina psikotropikoa ez den cannabidiolarena (CBD), aldiz, handia. “Kalamu labore bat denez, nahiz eta barietate horretakoa izan eta baimenduta egon, uztak THC maila baxuak dituela egiaztatu behar da, eta erreferentziako laborategi batean egin behar da hori. Baina arazoa da egunak behar direla emaitzak eskuratzeko, eta prozedura garestiak direla”, dio Carmen Jarén Ceballos NUPeko katedradunak, argitalpenaren egileetako batek.

Artikuluaren arabera, infragorri hurbileko espektroskopia azkarragoa, merkeagoa eta jasangarriargoa da kromatografia likidoa baino, ez baitu erreaktibo kimikorik behar eta ez baitu hondakinik sortzen. “THCa eta CBDa determinatzeko erabiltzen den NIRS teknologiari esker, emaitzak unean bertan eta merke lor daitezke. Oraingoz, ezin du erreferentziako laborategiko HPLCak ordezkatu, baina aukera emanen luke zer emaitza lortuko diren aurrez jakiteko, baita soroan ere, uzta bildu aurretik”, adierazi du Carmen Jarének.

Honako hauek sinatu dute artikulua: Carmen Jarén Ceballos, Paula C. Zambrana Bustamante, Claudia Pérez Roncal, Ainara López Maestresalas, Andrés Ábrego Arlegui (Genscore) eta Silvia Arazuri Garín.

Legez onartutako kontzentrazioa

Jatorriz, kalamu industriala Asiako landarea da, eta elikagaiak, ehun zuntza eta sendagaiak lortzeko iturririk zaharrenetako bat da. Gaur egun, industriako eta elikagaien arloko erabilerei dagokienez, kalamuaren merkatu mundialak 25.000 produktu baino gehiago ditu, bederatzi sektoretan banatuak: nekazaritza, ehunak, birziklapena, automobilgintza, altzariak, elikagaiak eta edariak, papera, eraikuntzako materiala eta norberaren zainketa.

Erabilera medikoei dagokienez, kalamuaren jardun terapeutikoa landarearen konposatu batzuen eragin psikoaktiboaz harago doa, eta horregatik erabiltzen da gaur egun sendagarri gisa, ebidentzia-maila desberdinekin bada ere.

Orain dela gutxi, THCaren muga % 0,2tik % 0,3ra igo dute Europa osoan. “Espainian, Diputatuen Kongresuko Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Batzordeak legez besteko proposamen bat onartu du cannabis ez-psikoaktiboa eta kalamua helburu industrialekin arautzeko. Proposamen horretan, Gobernuari eskatu zitzaion argitu zezala autonomia-erkidegoetako agintari eskudunek eskumen osoa ote duten labore horren gainean, eta Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziari (AEMPS), berriz, THCaren muga legala % 1era arte igo zezala”, adierazi du Carmen Jarének. Gainera, “herrialde askotan ekoizpena erregularizatzen eta legeztatzen ari dira, hala nola Alemanian, non datozen asteetan aisialdirako erabilera bozkatuko baita, eta, beraz, gero eta handiagoa da analisi azkarreko metodo baten beharra”, erantsi du. Behar horri erantzuten dio, hain zuzen ere, artikuluaren egileen ikerketak.