Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Patricia Alegría Cía Nafarroako Unibertsitate Publikoko Industria Teknologietako ingeniariak atal mugikorrik gabeko sorgailu termoelektrikoak instalatu ditu Timanfayako Parke Nazionalean (Lanzarote). Munduan halako zerbait egiten den lehenbiziko aldia da. Ikerketak erakutsi du –NUPen irakurri zuen doktoretza-tesiaren emaitza izan da– sorgailu termoelektrikoak bideragarriak direla gaur egun ustiatu ezin diren harri bero lehorreko hobiak aprobetxatzeko. Ikerlan hau “Electrovolcan” proiektuaren barrenekoa da, zeinak jatorri bolkanikoko beroa zuzenean elektrizitate bihurtzea baitu helburu nagusia.

zoom Patricia Alegría Cía NUPen.

Patricia Alegría Cía NUPen.

NUPeko Smart Cities Institutuko (ISC) ikertzaileak esan du ikerketaren konturik nabarmenena dela “lehenbiziko aldiz lekuan bertan” ezarri dituztela sorgailu termoelektriko horiek, eta gehitu du “primeran” ari dela funtzionatzen eta hori “mugarri” dela sorkuntza termoelektrikoaren arloan. Gailu horiek, atal mugikorrik ez dutenez, ez dute ia mantentze-lanik behar, eta ingurunean duten eragina minimizatzen dute, ez baitute zaratarik eta bibraziorik egiten. Gainera, autokontsumorako aukera ematen dute, eta hori ez da posible izaten instalazio geotermiko arruntetan.

Doktoretza-tesi horrek (“Generadores termoeléctricos sin partes móviles para yacimientos geotérmicos superficiales de roca caliente seca: diseño, desarrollo experimental, instalación en campo y evaluación del potencial en la isla de Lanzarote”) bikain “cum laude” nota jaso du, eta David Astrain Ulibarrena katedraduna eta Leyre Catalán Ros irakaslea izan ditu zuzendari, biak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ingeniaritza Sailekoak.

Patricia Alegríak, bere doktoretza-tesian egin duen lanarekin, 8 sari jaso ditu zenbait entitateren eskutik, hala nola European Thermoelectric Society, Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Europar Zentroa (CEIN), Banco Santander, NUP eta Caja Rural de Navarra entitateen eskutik.

Azaldu duenez, garatu dituen gailuek ingurumena errespetatuz sortzen dute elektrizitatea, eta energia berriztagarrien ezarpena hobetzen dute, hala nola geotermiarena. Garapen esperimental sakona egin ondoren, sorgailu horietako bi Timanfayako Parke Nazionalean instalatu dituzte, Lanzaroten. Bertan, lurzorutik sakonera txikian tenperaturak 500 ºC-ra ailegatzen ahal dira. Gailu horiek etengabe ari dira funtzionatzen, 2020ko abuztutik bata, eta 2021eko ekainetik bestea, eta urtean 560kWh energia elektriko sortzen dute.

Gero eta interes handiagoa

Testuinguru honetan, ikertzaileak esan du garbi dagoela termoelektrizitatea potentzial geotermikoa aprobetxatzeko funtsezko teknologia dela; izan ere, “sorgailu termoelektrikoek abantaila handiak dituzte, adibidez sendotasuna eta fidagarritasuna, eskalabilitatea eta instalatzeko erraztasuna, eta, horretaz gain, inpaktu minimoa dute ingurunean”. Hori dela eta, bere doktoretza-tesian lehenbiziko aldiz garatu dira atal mugikorrik gabeko sorgailu horiek “Lanzaroten dauden anomalia geotermikoak modu jasangarrian eta errentagarrian aprobetxatzeko, izan potentzia altuetarako edo baxuetarako, hau da, teknologia erabat eskalagarria da”.

zoom Patricia Alegría Cía Lanzaroten, Timanfayako parke Nazionalean instalatu dituen gailu horietako baten ondoan.

Patricia Alegría Cía Lanzaroten, Timanfayako parke Nazionalean instalatu dituen gailu horietako baten ondoan.

Ikerketaren eta urte hauetan eskuratutako emaitza onen harira, Kanarietako Gobernuak eta Lanzaroteko Kabildoak interesa adierazi dute Timanfaya energia elektrikoan beregain bilakatzeko. Ildo horretan, “Geotermiaren Estrategia Kanarietan” txostenean, Kanarietako Gobernuko Energiaren Zuzendaritza Nagusiaren Trantsizio Ekologikoaren, Klima Aldaketaren aurkako Borrokaren eta Lurralde Plangintzaren Kontseilaritzak “esan zuen hemen garatutako teknologia elektriko hau dela Lanzaroten entalpia altuko geotermia aprobetxatzeko aukera bideragarri bakarra”, esan du Patricia Alegríak.

Curriculum vitae laburra

Patricia Alegría Cíak Santa Luisa de Marillac eskolan ikasi zuen, eta Barañain BHI Institutuan egin zuen Batxilergoa. NUPen Industria Ingeniaritzako Gradua ikasi ondoren, Industria Ingeniaritzako Masterra egin zuen, eta orain doktoretza egiten ari da NUPen bertan. Gaur egun GEOTEG ikerketa-proiektuan egiten du lan, doktoretza-tesiari lotuta, eta eskolak ematen ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Lanaz gain, dibulgaziozko hitzaldi eta tailerrak ematen ditu ikastetxe eta institutuetan, eta, dioenez, horrek aukera ematen dio “gure ikerketa erakusteko eta arlo zientifiko-teknologikoan emakumeek egiten duten lanari ikusgarritasuna emateko”.

Ikerlanaren ondoren, zenbait artikulu zientifiko argitaratu ditu inpaktu handiko aldizkari espezializatuetan, hamabost kongresutan baino gehiagotan hartu du parte, eta ikertzaile aritu da finantzazio publikoko zenbait proiektutan.