Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) sei ikastegietatik (eskolak eta fakultateak) bostek Unibertsitateen Kontseiluaren akreditazio instituzionala dute dagoeneko, Estatuan irakaskuntza koordinatzeko ardura duen ministerio-organoarena, alegia. Akreditazio instituzional horrek egiaztatzen du Kalitatearen Barne Bermerako Sistema bat ezarri dela (KBBS), ikasleei eskaintzen zaien prestakuntza etengabe hobetzera bideratua, eta, gainera, berekin dakar ikastegi horiei atxikitako graduko eta unibertsitate masterreko titulu guztien akreditazioa sei urterako berritzea, banakako kanpoko kontrolik egin beharrik gabe. 

Akreditazio hori lortzeko, Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalak (ANECA) egindako ikuskaritza gainditu behar da. Prozesu hori AUDIT programaren bidez garatzen da, bi fasetan. Lehenik eta behin, KBBSaren diseinua aztertzen da unibertsitatea kudeatzeko sistema gisa, eta, gero, diseinu hori egiaztatu egiten da. Ondoren, KBBSaren ezarpena egiaztatzen da unibertsitateko ikastegietako bakoitzean.

zoom Upna

NUPen Arrosadiko campusa.

Zientzia Juridikoen Fakultateak, Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak eta Osasun Zientzien Fakultateak akreditazio instituzional hori lortu berri dute. Hala, hiru fakultate horiek bat egiten dute honezkero akreditazio hori zuten NUPeko beste bi ikastegiekin: Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea eta Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoa. Bestalde, Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoa aitorpen hori lortzeko izapideak egiten ari da, eta espero du 2023rako osatzea.

NUPeko Irakaskuntzako errektoreordeak adierazi duen bezala, akreditazio instituzional horrek kudeaketaren bikaintasuna aitortzen du, eta, hortaz, akreditazio hori duten NUPeko ikastegiei autonomia handiagoa ematen die beren graduko eta masterreko tituluen jarraipena egiteko eta haiek akreditatzeko, eta efizientzia aitortzen die ematen dituzten ikasketen kalitatearen kudeaketan. “Pertsona askoren ahaleginaren eta inplikazioaren ondoriozko lorpen garrantzitsu hori heldutasun unibertsitarioaren adierazgarri da, eta Espainian goi mailako hezkuntzaren ardura duten administrazio publikoek NUPi ematen dioten konfiantza erakusten du”, esan du.

ANECA eta AUDIT programa

ANECA Unibertsitateen Ministerioari atxikitako erakunde autonomoa da. Unibertsitateko sistemaren kalitatea hobetzen laguntzea du xede, ikasketen, irakasleen eta erakundeen ebaluazioaren, egiaztapenaren eta akreditazioaren bitartez. Hala, Europako Unibertsitate Eremua sendotzen eta gizarteari behar den erantzuna ematen laguntzen du. 

AUDIT programa, bestalde, 2007an ezarri zen, eta bat dator Europako Unibertsitate Eremuko kalitatea ziurtatzeko irizpide eta jarraibideekin. Unibertsitateetako ikastegietan kalitatearen barne-bermerako sistemak garatzera eta ezartzera dago bideratua, bai eta haietako prozesuak etengabe hobetzera ere.