Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak Sormen Sarien beste edizio baterako deialdia egin du. Oraingo honetan, lau kategoria daude: campus music; Instagrameko argazkia: campus osasungarria; campuseko istorioak (ipuin laburra / poesia); eta “Hobetu zure campusa” ideia-lehiaketa. NUPeko titulazio ofizialetako ikasleei zuzenduta dago, eta urriaren 30a izanen da lanak aurkezteko azken eguna.

zoom Nafarroako Unibertsitate Publikoa.

Nafarroako Unibertsitate Publikoa.

Sariak desberdinak dira modalitatearen arabera. Campus Music lehiaketan, diruaz gain (1.000 € edo 750 €), lehenbiziko saria irabazten duena NUPen ordezkaria izanen da G9 Taldearen musika-taldeen lehiaketan; udazkenean eginen da lehiaketa hori, Zaragozako Unibertsitateak antolatua. Modalitate horretan, solistek eta taldeek hartzen ahalko dute parte, eta kideetatik batek gutxienez Unibertsitateko komunitateko kide izan behar du.

Instagrameko argazki lehiaketak campuseko bizimodu osasungarriaren alderdiak izanen ditu ardatz, adiera zabalean: kirolak, elikadura, osasunarekin lotutako jardunbide egokiak, inklusioa, etab. Parte-hartzaile bakoitzak argazki bakar bat aurkezten ahalko du. Argazki irabazlearen egileak 150 € jasoko ditu, eta bigarren sailkatuak 75 €.

Sorkuntza literarioaren modalitatean (ipuin laburra edo poesia), NUPen campusetako edozeinetan gertatzen diren edo hango bizimoduari buruzkoak diren lanak aurkeztuko dira. Lanak originalak izan beharko dira, eta lehiakide bakoitzak lan bakar bat aurkezten ahal du modalitate eta hizkuntza bakoitzeko (gaztelaniaz edo euskaraz). Lau formatuetako bakoitzean bi sari emanen dira, bata 200 eurokoa eta bestea 100 eurokoa.
Azkenik, Unibertsitatea hobetzeko ekimenak aurkezteko lehiaketa bat ere eginen da. Parte-hartzaile edo talde bakoitzak ideia bakar bat aurkezten ahalko du. Kasu honetan, formatua librea izanen da. Ideia irabazleak 250 € jasoko ditu, eta bigarren sailkatzen denak 125 €.

Sormen Sariak ekitaldi publiko batean emanen dira, eta saria jasotzera sarituek berek edo haien ordezkariek joan behar dute.