Joan eduki nagusira

Sektore publikoko eta pribatuko langileen ongizatea eta hori azaltzen duten faktoreak izan ditu aztergai María Lourdes Gastearena Balda Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Lan Harremanetako eta Giza Baliabideetako graduatuak berriki defendatu duen “Employees’ well-being: the determinants of job satisfaction and presenteeism in public and private sectors” izeneko doktoretza-tesiak. Ikerketaren zuzendariak Martín Larraza Kintana katedraduna eta Andrea Ollo López irakaslea izan dira, biak ere NUPeko irakasle eta ikertzaileak eta INARBE ikerketa-institutuko kideak.

zoom Lourdes Gastearena, NUPen.

Lourdes Gastearena, NUPen.

Bere lanean, egileak ondorioztatu du ezen sektore publikoan lan egiten duten pertsonen eta sektore pribatuan aritzen direnen poztasun maila desberdina bi sektoreek eskaintzen dituzten lan baldintzen ondorio dela. “Sektore publikoak lan eskaera gutxiago eta lan baliabide gehiago eskaintzen ditu”, adierazi du. “Alde horien ondorioz, enplegatu publikoak pozago daude beren lanarekin sektore pribatuan lan egiten dutenak baino”, esan du jarraian. Ongizatearen adierazleei dagokienez, tesiak lanarekiko poztasuna aztertzen du adierazle positibo gisara, eta, bestalde, alderdi berritzaile gisara, presentismoa du aztergai, zeinak “literaturan arreta mugatua jaso baitu eta ongizatearen adierazle negatibo bat baita”, doktoreak adierazi duenez.

Lanarekiko poztasunean eragina duten faktoreak

Tesiaren egileak azaltzen duen bezala, frogatu da ezen, lanaren ezaugarriez gain, faktore instituzional formalek (adibidez, lan askatasunak) nahiz informalek (adibidez, herrialdeko kulturak) ere azaltzen ahal dutela lanarekiko poztasuna. “Laneko askatasunak langileen poztasuna areagotzen du, eta poztasun hori handiagoa da boterearekiko distantzia txikiko dimentsio kulturala, ziurgabetasunarekiko ezinikusi txikia eta indibidualismoa nagusi den herrialdeetan. Hau da, erakundetik kanpo dauden faktoreek eragina izan dezakete pertsonek beren lan esperientzia bizitzeko duten moduan, eta hori poztasun mailan islatzen da”, zehaztu du.

Azken kapituluan, tesiaren egileak “gaixorik egonda lan egitea” bezala definitzen duen presentismoaren faktore erabakitzaileak azaltzen dira. Egileak ondorioztatzen duenez, modu objektiboan neurtutako lan segurtasunak (lan kontratu finko batek ematen duen horrek) sektore publikoaren presentismoa murrizten du, eta modu subjektiboan neurtutako lan segurtasunak (etorkizuneko proiekzioak), berriz, sektore pribatuaren presentismoa murrizten du. Bestalde, Lourdes Gastearenak azaldu bezala, “telelanak sektore publikoan zein pribatuan areagotzen du presentismoa; nagusien eta mendekoen arteko konfiantzak bi sektoreetakoa murrizten du, eta enpresako prestakuntzak sektore pribatuan lan egiten dutenentzat soilik areagotzen du presentismoa”.

Azkenik, “tesian proposamen interesgarriak egiten dira sektore publikoko zein pribatuko Giza Baliabideen zuzendaritzentzat, baita arduradun politikoentzat ere, lan ingurune osasungarriak eta estimulatzaileak sustatzearren eta poztasun handiagoa eta presentismo txikiagoa lortzearren”, esan du egileak. “Halaber, ikerketa osatzeko edo zabaltzeko proposamen batzuk egiten dira, luzetarako azterketak egitea adibidez, tesian lortutako emaitzak denboran zehar zenbateraino mantentzen diren ikusteko”, erantsi du.

Lourdes Gastearena Baldaren CV laburra

Lourdes Gastearena Balda Lan Harremanetan eta Giza Baliabideetan graduatua da Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Zenbait urtez egin du lan NUPen, kudeaketa administratiboko zereginetan. Ondoren, Bigarren Hezkuntzako Irakasletzako Masterra egin zuen, eta doktoretza aurreko beka bat eman zion NUPek bere ikerketa Enpresen Kudeaketa Sailean garatu zezan Martin Larraza eta Andrea Ollo irakasleen zuzendaritzapean.

Ikertzaile prestakuntzan, Espainiako eta nazioarteko zenbait kongresutan hartu du parte, hala nola European Academy of Management delakoan (EURAM) eta Ekonomiako eta Enpresaren eta Zuzendaritzako Elkarte Zientifikoan (ACEDE). Doktoretza egin bitartean, eta NUPek, Iberus Campusek eta Nafarroako Gobernuak emandako finantzaketari esker, bi ikerketa-egonaldi egin zituen Londresko King´s College erakundeko King´s Business School izenekoan.