Joan eduki nagusira

Desgaitasunen bat duten 750 pertsonak baino gehiagok urpekaritza egokitua, urpekaritzako bataioak, urpeko hidroterapia eta gurpil-aulki gaineko saskibaloia egin dituzte Nafarroako Unibertsitate Publikoaren kirol instalazioetan 2021-2022 ikasturte honetan. Jarduera horiek Nafarroako Urpeko Jardueren Federazioarekin eta Nafarroako Gurpil-aulki gaineko Saskibaloi Klubarekin elkarlanean egiten dira, eta NUPek doan uzten dizkie instalazioak.

zoom Piscina

Errehabilitazio saio bat NUPeko igerilekuan (lagatako argazkia).

Nafarroako Gurpil-aulki gaineko Saskibaloi Kluba irabazi asmorik gabeko erakunde bat da, eta hezkuntza- eta gizarte-arloko alternatiba lagungarriak bilatzea, sortzea eta kudeatzea du helburu, baita mugitzeko mugak dituzten pertsonentzako kirol eredu integratzaile berri bat garatzea eta praktikan jartzea ere. Gaur egun, hamabost bat lagunek osatzen dute, eta astelehen eta asteazkenetan aritu dira entrenatzen kiroldegiko kantxan.

Bestalde, Nafarroako Urpeko Jardueren Federazioak 2017tik dihardu kirol egokituko jarduerak egiten NUPen: urpekaritza baldintzatua, urpeko hidroterapia eta urpekaritzako bataioak. Guztira, 741 pertsonak hartu dute parte jardueretan.

zoom Silladeruedas

Nafarroako Gurpil-aulki gaineko Saskibaloi Klubeko zenbait kide, Unibertsitateko kiroldegiko praktiketako batean (lagatako argazkia).

Nafarroako Unibertsitate Publikoak, gizarteari zor zaion erakunde publikoa den aldetik, erabateko konpromisoa du babesgabetasun handieneko kolektiboak gizarteratzeko. Irakaskuntzako eta ikerketako jardueren bidez eta unibertsitate zabalpenaren bidez, beste elkarte sozial batzuekin lankidetzan aritzen da erantzukizun sozial korporatiboa sustatzeko.

Urpekaritza egokitua

Urpekaritza egokitua dibertsitate funtzionala duten pertsonek urpean, apnean edo eskafandra autonomoarekin egiten dituzten jardueren multzoa da. Premia bereziak dituztenez, zenbait egokitzapen behar izaten dituzte, bai erabiltzen duten materialean, bai lan teknikan. 

Jarduerak askatasun sentsazioa ematen die, gorputz adar guztiak errazago mugitzeko aukera ematen baitu. Jarduera horrek agerian utzi du nolako abantaila terapeutikoak ematen dituen uretan grabitate gutxiagorekin lan egiteak errehabilitazio programa bat garatzeko, bai mugimenduari, bai alderdi intelektualari dagokienez. 

Nafarroako Urpeko Jardueren Federazioak (FNDAS) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Osasun Zientzien Fakultateak 2017an abiarazi zuten elkarlana, Diseinu Mekanikoko Ingeniaritzako eta Fisioterapiako graduetako ikasleen parte-hartzearekin. 
2020an, fisioterapeuta profesionalen talde bati urpekaritzako prestakuntza eman zitzaien kirol hori igerilekuan tresna terapeutiko gisara erabili ahal izateko.

Irailetik ekainera bitarte, profesional horiek tresna hori erabiltzen dute Kalte Zerebralaren Nafarroako Elkarteko pazienteekin (ADACEN), eta urpeko hidroterapiako saioak egiten dituzte Iruñean eta Tuteran.