Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Jaime Brunet Fundazioak 2022ko deialdia egin du giza eskubideen sustapenarekin lotutako doktoretza-tesirik hoberena eta ikasketen amaierako lanik hoberena saritzeko. Bi deialdietarako hautagaitzak aurkezteko epea urriaren 31n amaituko da.

Doktoretza-tesirik hoberenaren saria irabazten duenak 2.000 euro gordin eta diploma bat jasoko ditu, eta lana argitaratuko diote. Sari hori 2016an sortu zen, eta giza eskubideekin eta horien defentsa eta sustapenarekin lotura zuzena duen oinarrizko ikerketa-edukia landu duten doktoretza-tesiak aintzatestea du helburu.

zoom Premios Brunet

Nafarroako Unibertsitate Publikoa.

2021eko irailaren 1etik 2022ko abuztuaren 30era bitartean Espainiako edozein unibertsitatetan irakurri diren doktoretza-tesi argitaragabeak aurkezten ahalko dira sariketa honetara, betiere bikain edo bikain “cum laude” kalifikazioa lortu badute. Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatutako ekitaldi batean emanen da saria. Irabazlea ekitaldira agertzen ez bada, eman gabe geldituko da saria.

Jaime Brunet Unibertsitateko Saria, berriz, 2014an sortu zuen Fundazioaren Patronatuak, ikasleengan giza eskubideen egoerari, babesari, salaketari eta lankidetzari buruzko interesa pizteko, baita, aldi berean, unibertsitateko ikasketak bukatzen dituzten ikasleen ahalegina saritzeko ere.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko nahiz masterreko edozein titulaziotako ikasleak aurkezten ahalko dira sari honetara. Haien ikasketen amaierako lanak giza eskubideen defentsarekin eta babesarekin edo horien erabilera hobetzeko tresna edo mekanismoen garapenarekin egon behar dira lotuak. Halaber, garapenerako lankidetzari edo babesik gabeko pertsonen bizi-baldintzen hobekuntzari buruzko gaietako proposamen eta aurrerapenen gaineko lanak ere hartuko dira aintzat.

Modalitate honetan, irabazleak 2.000 euro eta sariaren ziurtagiria jasoko ditu.