Joan eduki nagusira

Gaixotasun autoimmuneetako gaixotasun tronboenboliko benosoa da Pablo Ruiz Sada Tuterako Reina Sofía Ospitaleko barne-medikuntzako mediku espezialistak berriki Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatutako doktoretza-tesiaren aztergaia. Gregorio Tiberio López NUPeko irakasleak eta Ángel Luis Sampériz Legarre Tuterako Reina Sofia Ospitaleko Barne Medikuntzako zuzendari ohiak gidatu dute tesia, eta kalifikazio gorena lortu du: bikain “cum laude”.

zoom Pablo Ruiz

Pablo Ruiz Sada, NUPeko doktore berria.

Tesiaren egileak azaldu duenez, gaixotasun tronboenboliko benosoa (GTB) osasun problema garrantzitsua da, eta gaixotasun kardiobaskularrek eragindako hirugarren heriotza-kausa da. “Orain arte, GTBen tratamenduaren iraupena eztabaida-iturri izan da, zenbait inguruabar lotuak baitaude berriz gaixotzeko arrisku handiagoarekin, eta beste batzuk, hemorragia izateko arrisku handiagoarekin”, azaldu du. Bestalde, koagulazio-faktoreen oreka naturalaren nahasmendua gertatzen da gaixotasun autoimmuneak dituzten pertsonengan, eta horrek tronbosia izateko arriskua handitzen du haiengan. “Gaixotasun autoimmuneetan estres immunologikoa handia da, faktore horien ekoizpen handia izanik tronbosia maiz gertatzen baita”, zehaztu du NUPeko doktoreak.
Ikerketaren emaitzen arabera, egoera horretan tratamendu antikoagulatzailea izanda berriz gaixotzeko arrisku-tasa antzekoak daude, baina, behin tratamendua etenda, gaixotasun autoimmuneetan GTBa izateko arriskuak gora egiten du. 

Gainera, ikerketaren emaitzek agerian uzten dute gaixotasun autoimmuneen portaera klinikoa desberdina dela. Horrek aukera ematen du, segur aski, saiakuntza klinikoak diseinatzeko, gaixotasunetako bakoitzean tratamendu-erregimen desberdinak ebaluatu ahal izateko. “Inflamazioaren eta tronbosiaren artean dagoen lotura dela eta, uste dugu gertaera horiek susmoa piztu behar dutela gaixotasun horien agerraldi immunologikoak gertatzen direnean. Etorkizunari begira, eskalak diseinatu beharko lirateke, halakoetan tronbosia aurreikusteko eta arrisku handiko pazienteak hobeki identifikatzen laguntzeko”, ondorioztatu du Pablo Ruizek.

Paziente talde honen ezaugarriak eta elkarrizketa zientifikoa

Pablo Ruiz Sadak, bere lanean, artikulu bat baino gehiago argitaratu ditu nazioarteko aldizkari ospetsuetan, eta, haietan, paziente talde horren ezaugarri klinikoak deskribatzen ditu, bai eta tratamenduan dauden bitartean eta haien jarraipenean erregistratutako gertaerak ere, gaixotasun autoimmuneak konparatzeko bidea ematen dutenak. Horretarako, bost urtez aritu da ikertzen, eta eta gaixotasun tronboenbolikoaren erregistro informatizatuan hartu du parte (RIETE).

Aldi horretan, gainera, tesiaren egileak elkarrizketa zientifikoa izan du GTBen arloko beste ikertzaile talde batzuekin. “Kontaktu horiek, zehazki Japoniako COMMAND VTE taldearekikoak, mesedegarriak izan daitezke etorkizunean gaixo horiek aztertzeko lankidetzak planteatzeko”, ziurtatu du.

Pablo Ruiz Sadaren CV laburra

Pablo Ruiz Sada lizentziaduna da Medikuntzan eta Kirurgian Zaragozako Unibertsitatean, eta barne-medikuntzako espezialitatea egin zuen Basurtuko Unibertsitate Ospitalean (Bizkaia) 2011tik 2016ra bitartean. 2014an, sei hilabeteko egonaldia egin zuen Londresko University Collegen (Erresuma Batua), erreumatologiari eta gaixotasun autoimmuneei buruz ikertzeko. Horrez gain, hiru master hauek ditu burutuak: Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Gaixotasun Autoimmune Sistemikoak izeneko masterra (SEMI), Rey Juan Carlos Unibertsitateko Esther campuseko GIBari buruzko online masterra eta Alcalá de Henaresko Unibertsitateko Gaixotasun Tromboenbolikoei buruzko masterra.

Ikerketari dagokionez, Pablo Ruizek hogeita hamar bat artikulu argitaratu ditu Espainiako eta nazioarteko aldizkari zientifikoetan, eta hamahiru poster edo ahozko komunikazio ditu eginak estatuko eta nazioarteko beste hainbeste kongresutan.