Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Gizarte Laneko Graduko Miren Lazpiur Ezenarro eta Iara Sebastián Esandi ikasleek sormen-kanpaina bat aurkeztu zuten berriki Unibertsitatean, baldintza txarren ondoriozko emigrazioak osasun mentalean duen eragina aztertzekoa. Kanpaina hori Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Komisarioaren (ACNUR) Espainiako Batzordearen (ACNUR) proiektuaren esparruan egin zen, honako proiektu honetan hain zuzen: “UNIRefugees: unibertsitateko herritar aktiboak sustatzearen alde: errefuxiatuekiko eta 2030 Agendarekiko konpromiso irmo baterantz”.

zoom Ezkerretik eskuinera, Miren Lazpiur eta Iara Sebastián (ikasleak), Jorge Castañeda komunikazio sozialeko aditua eta Felipe Nitsche ACNUR-UNHCRen Espainiako Batzordearen proiektu-koordinatzailea.

Ezkerretik eskuinera, Miren Lazpiur eta Iara Sebastián (ikasleak), Jorge Castañeda komunikazio sozialeko aditua eta Felipe Nitsche ACNUR-UNHCRen Espainiako Batzordearen proiektu-koordinatzailea.

Bi ikasle hauen proiektua, zehazki, unibertsitateko ikasleen aktibismoa bultzatzeko eta elkartasunerako sormenezko kanpainak diseinatzeko tailerren bigarren edizioari dagokio. Tailerrak NUPeko ikasleei zuzenduak izan ziren, eta Jorge Castañeda komunikazio sozialeko adituak eta Felipe Nitsche ACNUR-UNHCRek Nafarroan duen ordezkaritzaren proiektu-koordinatzaileak eman zituzten.

Programa zabalago batean sartua dago proiektua, non sei unibertsitatek baino gehiagok hartzen duten parte. 2030 Agendaren erronka globalak ditu ardatz programak, eta Espainian haien berri ematen ari da ACNURen Espainiako Batzordea. Ekainaren 28an izanen da kanpainaren itxiera-ekitaldia, eta, hartan, saria emanen zaie egindako sormen-kanpaina hoberenei.

Ulises sindromea: migrazioaren ibilbidea

Gizarte Laneko ikasleek "Ulises sindromea: migrazioaren ibilbidea" izeneko kanpaina egin zuten, baldintza txarrek behartuta emigratzeak osasun mentalean duen eraginaz hausnartzeko. Kanpainak, zehazki, migrazio-dolua aztertu zuen, baita nolako nahigabe emozionala jasaten duten errefuxiatuek gerraren eta jazarpenaren ondorioz beren etxeak utzi behar eta zailtasun larriei aurre egin behar dietenean: bakardadea, bazterkeria, beldurra eta babes falta. Horretarako, ikasleek koadro psikologiko horri buruzko funtsezko informazioa zuten kartel batzuk egin zituzten. Kartelak Iruñeko zenbait gune enblematikotan jarriko dira herritarrak kontzientziatzeko.