Joan eduki nagusira

Nafarroako Foru Komunitatean Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) urtero antolatzen duen USEa (Batxilergotik Unibertsitatean Sartzeko Ebaluazioa) ekainaren 7an, 8an eta 9an izanen da aurten Iruñeko campusean (Ikasgelategian eta Sario eraikinean) eta Tuterakoan. Deialdi honetan ez da Osasun Zientzien Fakultatea edo beste espaziorik erabiliko, joan den ikasturtean eta aurrekoan hala egin bazen ere.

Azterketa-eredua iazkoaren berdin-berdina izanen da, eta, egungo egoera ikusita, gaurkotu egin dira COVID-19aren aurkako higiene- eta osasun-arloko jarraibideak. Unibertsitatearen webgunean kontsultatzen ahal dira, eta, haien arabera, ez da derrigorrezkoa izanen eraikinen barrenean maskara erabiltzea, baina bai gomendagarria, eta komeni da jende askoko multzoak saihestea eta eskuak maiz garbitzea. Gainera, 2019-2020 ikasturtean egin zen bezala, ikasleek aldez aurretik jakiten ahalko dute zein ikasgelatan egin behar duten proba bakoitza.

zoom EVAU

Joan den urteko USE probetako argazki bat.

Ikasleek ekainaren 15ean jakiten ahalko dituzte deialdi arruntaren emaitzak, eta hilaren 22tik aurrera deskargatzen ahalko dute kalifikazioen txartela. Bestalde, deialdi bereziaren azterketak ekainaren 28an, 29an eta 30ean izanen dira, eta emaitzak uztailaren 5ean egonen dira eskuragarri. Txartela, berriz, uztailaren 19tik aurrera deskargatzen ahalko da. Azterketak egiteko matrikulazio epea maiatzaren 27an irekiko da, ostiralarekin, eta probei buruzko informazio guztia Unibertsitatearen webgunean dago eskuragarri (Nafarroako ikastetxe guztiei bidali zaie jada). 

Azterketaren egitura, iazkoaren berdin-berdina

Esan bezala, azterketak 2019-2020 ikasturtekoaren egitura bera izanen du; izan ere, ikasturte berezia izan zenez, nobedade gisara, aurreko deialdietan baino aukera gehiago eman zitzaizkien ikasleei erantzuteko. 

Oro har, ikasleei gomendatzen zaie ariketen oharrak arretaz irakurtzeko, adierazitako galdera kopuruari bakarrik erantzuteko, erantzundako galdera edo galderak behar bezala etiketatzeko eta probak egin baino lehen azterketaren egiturari eta zuzentzeko irizpideei ongi erreparatzeko. Hori guztia Unibertsitatearen webgunean kontsultatzen ahal da, baita aurreko urteetako azterketak ere. Proba bakoitzak, beti bezala, 90 minutu iraunen du. 

Bestalde, ikasleek gogoan izan behar dute ezin dutela ez piztuta ez begi-bistan izan komunikatzeko edo datuak biltegiratzeko balio duen gailu elektronikorik azterketa egin bitartean eta ikasgelatik atera arte. 

Probak nola eginen diren

Proba egiteko matrikulatu diren ikasleak 7 epaimahaitan daude banatuta; horietatik 6 Iruñean (horietako bi euskarazkoak), eta zazpigarrena Tuteran. Iruñean, gaztelaniazko epaimahaiek Ikasgelategia izanen dute egoitza; euskarazko azterketetan, berriz, epaimahai bat Ikasgelategian egonen da, eta bestea Sario eraikinean.  

USE probak bi fase ditu: nahitaezkoa eta borondatezkoa. Lehenbiziko fasean, ikasleek Batxilergoko modalitate guztietako hiru irakasgai komunetako azterketak eginen dituzte (Gaztelania eta Literatura, Espainiako Historia eta Atzerriko Hizkuntza, zeina Ingelesa, Frantsesa edo Alemana izan baitaiteke eta atzerriko lehen edo bigarren hizkuntza izan ikaslearentzat). Nafarroan, A eta D hizkuntza-ereduetakoek beste azterketa bat egin beharko dute: Euskara eta Literatura. Horrez gainera, beste proba bat eginen dute: Batxilergoko beren modalitatean egin duten enborreko irakasgaiari dagokiona. Zientzietakoa Matematika II izanen da; Giza eta Gizarte Zientzietakoa, Latina II edo Gizarte Zientziei aplikatutako Matematika II; eta Arteetakoa, Artearen Hastapenak II.

Azterketa horietan lortutako kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa kalkulatuko da. Ikasleak USE proba gaindituko du baldin eta batez besteko nota horren % 40 eta Batxilergoko espedienteko batez besteko notaren % 60 ponderatuta 5 puntuko nota edo handiagoa lortzen badu (10etik). Ponderazioa egiteko, nahitaezko faseko azterketetako kalifikazioen batezbesteko aritmetikoak 4 puntukoa edo handiagoa izan behar du (10etik). Ikasleak proba gainditzen badu, betiko izanen du nota hori.

Azterketa-egutegia hiru egunetarako

Ekainaren 7an hasiko dira azterketak, asteartean: 09:30ean Gaztelania eta Literatura II, eta, 12:00etan, Espainiaren Historia. Arratsaldean, 16:00etan hasiko da Ingeleseko proba, eta 18:30ean, berriz, Frantsesekoa eta Alemanekoa.

Ekainaren 8an, asteazkena, azterketa hauek eginen dituzte ikasleek: 08:30ean, Euskara eta Literatura II (A eta D eredukoek); eta, 11:00etan, Matematika II, Latina II eta Artearen Hastapenak II. Arratsaldean, 15:00etan, Gizarte Zientziei aplikaturiko Matematika II eta Marrazketa Teknikoa II; 17:30ean, aldiz, Biologia, Enpresaren Ekonomia eta Arte Eszenikoak.

Ekainaren 9an eginen dira azkeneko azterketak, ostegunean: 08:30ean, Filosofiaren Historia; eta, 11:00etan, Fisika, Greziera II eta Ikus-entzunezkoen Kultura II. Azkenik, 15:00etan Kimikako eta Artearen Historiako azterketa eginen da, eta 17:30ean, Geologiakoa, Geografiakoa eta Diseinukoa.