Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin (NUP) batera Europako TEFE proiektuko (Teachers of English for Future Europe / Etorkizuneko Europarako ingeleseko irakasleak) kide diren Europako bost unibertsitateetako ordezkariek Iruñeko Arrosadiko campuseko instalazioak bisitatu zituzten berriki. Zehazki, unibertsitate hauetako bakoitzetik bi ordezkari izan ziren: Bratislavako Comenius Unibertsitatea (Eslovakia), South Bohemiako Unibertsitatea (Txekiar Errepublika) eta Astongo Unibertsitatea (Erresuma Batua); eta, hauetatik, berriz, hiruna ordezkari: Passauko Unibertsitatea (Alemania) eta Jagiellonian Unibertsitatea (Polonia). 

NUPen aldetik, Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko María Camino Bueno, Mónica Aznárez eta Jesús Lasheras irakasleek hartzen dute parte proiektuan. Proiektuak Europako Batzordearen 285.199 euroko finantzaketa du Erasmus + programako Elkartze Estrategikoaren deialdiaren bidez, eta 2023ra arte luzatuko da. Proiektuan parte hartzen duten ikertzaileek adierazi dutenez, Europan ingeleseko irakasle izanen direnen nazioartekotzea eta enplegagarritasuna sustatzea du helburu.

zoom TEFE

NUPeko irakasleak eta bisitariak, Arrosadiko campuseko instalazioetan, Iruñean.

Ingeleseko irakasleen nazioartekotzea eta enplegagarritasuna

NUPen egin zen topaketaren xedea Europako proiektuaren helburuak eta produktuak lantzea izan zen, eta, horretarako, osoko bilkurak egin zituzten denek elkarrekin, eta taldekako bilerak azken produktu bakoitzaren ardura duten taldeek. Camino Bueno irakasleak adierazi duenez, proiektuaren esparru orokorretan aurrera egiteaz gain, unibertsitate kideak “hemengo ikastetxeak bisitatzera eraman genituen, ingeleseko irakasleek zer testuingurutan egiten duten lan ikus zezaten, eta erakutsi genien ingelesaz gain ingelesezko irakasgaiak ere ematen direla programa elebidunen barnean”. 

Gainera, bisitariek NUPeko instalazioak eta “gure hiriko aberastasun kulturala eta etnografikoa ezagutzeko aukera izan zuten, Europako proiektuek sustatutako nazioartekotzearen parte gisa; izan ere, proiektu horiek Europa osoan ikaskuntza-komunitateak sortzea dute helburu, esperientziak partekatu eta bizitzeko eta lan egiteko beste leku eta modu batzuk ezagut ditzaten”, adierazi du Camino Buenok.