Joan eduki nagusira

En-Kantu musika taldeak “Música y territorio” diskoa aurkeztuko du maiatzaren 7an, larunbata. Diskoa Nafarroako Unibertsitate Publikoak ekoiztu du binilo formatuan, eta bertan artistek ibilbide bat egiten dute Nafarroako musika tradizionalean zehar. Aurkezpen ekitaldia 19:30ean izanen da Civicanen (Pio XII.a etorbidea), eta sarrera librea da lekuak bete arte.

zoom En-Kantu musika taldeko kideen taldeko argazkia.

En-Kantu musika taldeko kideen taldeko argazkia.

Música y territorio“ ibilbide musikal bat da gure komunitatean barrena bertako musika tradizionalaren bidez, eta musika hori berraztertzen du diskurtso berri eta harrigarri bat sortzeko. “Proiektua musikarekin eta lurraldearekin lotuta dago argi eta garbi, eta ezin zuen ahantzi musikaren migrazio izaera, harresiak edo mugak gainditzeko duen gaitasuna, bere alderdi unibertsalak eta testuinguruaren arabera dituen alderdiak, bere garrantzia eta biziraupena denboraren joa eta zailtasunak gorabehera”, azaldu dute kontrazalean Marcos Andrés Vierge eta Igor Saenz Abarzuza NUPeko Musika irakasle eta proiektuko kideek.

Honako hauek bildutako abestiak berreskuratzen ditu grabaketak: NUPeko Ondare Ez-materialari buruzko Katedra eta IMF-CSIC Musika Tradizionaleko funtsa, bai eta Charles Bordes, Resurrección Mª de Azkue eta Aita Donostia folkloristak ere. Lan artistikoa En-Kantu taldearen organikorako moldaketak egitea izan da, eta haren interpretazioa, beti jatorrizko melodiak kontserbatuz. Honako hauek hartu dute parte proiektuan: Nerea Erbiti Larralde (ahotsa-trikitixa), Pello Ruiz Huici (ahotsa-oboea), Paula Azcona Cerdán (biolontxeloa), Eduardo Zudaire Belda (gitarra), Marcos Andrés Vierge (gitalelea) eta Isaac Irimia Roa (perkusioa). Txuma Huarte Binario Estudiokoak egin du audio eta bideo grabaketa, nahasketa eta mastering-a. Honako hauek ere hartu dute parte: KEN enpresa nafarrak diseinu grafiko eta editorialean, Eva Mayo Azquetak testuak frantsesera itzultzen, Duplicat enpresak diskoen fabrikazioan eta Ekaitz Santazilia NUPeko irakasleak, zeinak, testuak gaztelaniatik euskarara eta euskaratik gaztelaniara itzultzeaz gainera, jatorrizko letren ortografia eta puntuazioa eguneratu baititu, hobeki ulertzeko.

Guztira 12 abesti aurkeztu dira biniloan. Honako hauek osatzen dute A aldea: Baratzeko pikuak, Konfirmazioniaz/Goroxumako, Gogona, Beti penetan, Yaz hil zitzaitan senarra eta Erregin eta saratsa, horiek guztiak euskaraz. Honako hauek aditzen ahal dira B aldean: Tente renublo, tente tú, Bo, bo, bo, bo, bo, duérmete ya, mi chiquitín, Mi niño tiene sueñito y no lo puede coger, Los mandamientos de amor/Delgadina eta Aurora para el día de ánimas, horiek guztiak gaztelaniaz, bai eta Xochipitzahuatl ere, diskoko azken abestia eta letrak náhuatl hizkuntzan dituena.

Proiektu kulturala

NUPeko Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzaren 2021eko Proiektu Kulturalen Deialdian aukeratutako proiektuetariko bat izan zen “Música y territorio”, eta Nafarroako Ondare Ez-materialari buruzko Katedraren laguntza ere badu.