Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak dohaintzan jaso du Javier Pagola Lorente kazetari eta idazleak 70eko hamarkadatik XXI. mendearen hasierako urteetara bitartean grabatu zituen elkarrizketen legatua. Elkarrizketa horietako asko SER irratiaren Radio Pamplona katean ari zela eginak dira, baina beste batzuk irratiko lanaz aparte eginak. Zehazki, “Colección de grabaciones de Javier Pagola” izeneko bilduma eman dio kazetariaren familiak Unibertsitateari: kazetariak egindako elkarrizketa interesgarrienak biltzen dituzten 208 kasete-zinta eta 3 magnetofoi-zinta. 2020ko urrian hil zen, 74 urte zituela. Erreferentzia izan zen kazetaritzan, eta ongi baino hobeki ezagutzen zuen Nafarroa.

Dohaintza emateko ekitaldian, hauek izan ziren: Maribel Turias Dancausa, Javier Pagolaren alargun eta grabazio bildumaren jabea; Ramón Gonzalo, NUPeko errektorea; Eneko eta Pello, haren semeak; eta, lekukotasuna eta aitortza erakustearren, Javier Hoyos, SER irrati-kateko Nafarroako zuzendaria, irrati horretan egin baitzuen kazetari zenak karrera profesionalaren parte handiena.

zoom Acto donación

Maribel Turias Dancausa, Ramón Gonzalo errektorea, eta Javier Hoyos Javier Pagolaren bilduma dohaintzan emateko ekitaldian

Unibertsitateak eta Maribel Turiasek sinatutako hitzarmenean jasoa dagoenez, bilduma osoa ustiatzeko eskubide guztiak laga dizkio dohainik hark NUPi. Unibertsitateak konpromiso hauek hartu ditu besteak beste: grabazio bilduma digitalizatzea edukia ongi gordeko dela ziurtatzeko; artxibatzeko irizpide teknikoen arabera antolatzea bilduma; eta materiala ikertzaileen eta publiko orokorraren esku jartzea, hura eskuratzeko eta zabaltzeko modua ematearren.

Maisua, kazetaria eta idazlea

Javier Pagola kazetaritzako erreferentzia zen, eta primeran ezagutzen zuen Nafarroa. Karrera profesionalaren parte handiena, 1969az geroztikoa, Radio Pamplonan egin zuen (Nafarroako SER irrati-katean), zeina Radio Requeté baitzen lehenago. Nabarmentzekoa da “Batzarre” saioa, Javier Pagolaren zuzendaritzapeko albistegia; izan ere, abangoardista eta plurala zen, eta erreferentzia inportantea izan zen Trantsizio garaian. Kazetari lanaz gainera, laguntza eta sustapena eman zizkien elkarte zibil eta kulturalei, hala nola Aulas de la Mujer izenekoari eta Gogoa foroari, zeinaren fundatzaileetako bat izan baitzen. Euskaltzalea ere bazen, eta euskararen aldeko konpromiso irmoa zuen. 2000. urtean, beste lan arlo bati ekin zion: zuzendari lanetan hasi zen Medicus Mundi GKEaren komunikazio atalean, nazioarteko lankidetzako erakunde ezagunean.

zoom Grupo

Ezkerretik eskuinera: Pello Pagola, Javier Hoyos, Ramón Gonzalo, Maribel Tubias, Roldán Jimeno eta Eneko Pagola.

Idazle gisa “Navarra por mil caminos” (1999) eta “Nafarroako paisaiak” (2016) liburuak idatzi zituen. Lehenbizikoak Nafarroako historia, kondairak, ondarea eta natura aberatsa ditu hizpide, eta bigarrenak Nafarroako paisaiak deskribatzen ditu haietan barrena ibilbide asko eginez.

2017an, Iruñeko Zapia eman zion Iruñeko Udalak. 2020an, jakitera eman zuen alboko esklerosi amiotrofikoa zuela, eta urte hartako urrian hil zen, 74 urte zituela.