Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Bigarren Hezkuntzako Irakasletzako Unibertsitate Masterreko ikasleek aukera izan dute berriki Bigarren Hezkuntzan geologia eta geografia irakastearren errealitate handiagotuko harea-kutxa bat nola erabili ikasteko. Ángel Gil Gómez bideetako ingeniari eta Ribaforadako El Cierzo BHIko matematikako irakasleak Unibertsitatean emandako prestakuntza-saio batzuetan egin zen erakustaldia; izan ere, bere eskoletan erabiltzen du baliabide hori, eta, azaldu duenez, ez dago halako beste gailurik Nafarroako ikastetxeetan.

zoom Irakasle eta ikasleak

Irakasle eta ikasleak ARSandboxaren funtzionamendua erakusteko saioan, NUPen

Errealitate handiagotuko harea-kutxari esker, benetako hareari forma emanez eredu topografikoak sortzeko modua izaten dute erabiltzaileek, harea denbora errealean goratzen baita, elebazio-mapa koloredunak, sestra-kurba topografikoak eta ur simulatua eratuz. Horrela, sistemak kontzeptu geografiko, geologiko eta hidrologikoak irakasten laguntzen du, hala nola mapa topografiko bat nola irakurri, sestra-kurbak, arro hidrografikoak edo ur-bilketarako eremuak zer diren, bai eta dikeek nola funtzionatzen duten ere, besteak beste. Ikasleek, hori dena modu fisikoan ikusita, kontzeptuak hobeki ulertzeko aukera dute.

NUPeko prestakuntza-saioetara Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Irakasletzako graduetako ikasleak ere joan ziren, baita Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko ikasleak ere. Alfredo Pina Calafi Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko irakasle eta Smart Cities Institutuko kideak (ISC) antolatu zuen saioa.

Errealitate handiagotuko harea-kutxa

Ángel Gil Bigarren Hezkuntzako irakasleak azaldu duen bezala, harea-kutxa edo ARSandbox delakoa kutxa fisiko bat da, benetako hareaz betea, baina ingurune kontrolatu bati ere egiten dio erreferentzia, haurrek parkeetan jolasteko erabiltzen dituzten espazio horietako bat balitz bezala. “Proiektuak ‘sandbox’aren termino zehatzak betetzen ditu: hareaz betetako kutxa bat da, bai, eta, aldi berean, lur zati bat bakartuta, aukera ematen dit harekin interakzioan aritzeko eta nire sorkuntzak zerotik egiteko”, azaldu du erakustaldia egin duen irakasleak.

“Gaur egun, 14-17 kutxa baizik ez daude Espainian, eta ez da oso baliabide ezaguna. Gure asmoa da erakargarriago egin dezaketen eta errealitate handiagotuaren aukera anitzak erakutsiko dituzten osagarriak gehitzea”, erantsi du Ángel Gilek.