Joan eduki nagusira

Pedro Doria Seviné, Paula López Jiménez, Ainara Vega Valencia eta Ibai Yerro Arribillaga Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) egresatuek karrera judizialean sartzeko oposizioak gainditu dituzte. Espainia osoko 4.298 izangai aurkeztu ziren berriki Madrilen egindako probetara. 300 lanpostu eskaini ziren, 168 magistratu izateko eta 132 fiskal izateko (proba berak egiten dira bi kasuetan). Ibai Yerro Espainiako hirugarrena geratu zen, eta Pedro Doria, Paula López eta Ainara Vega, berriz, 57., 231. eta 228. postuetan, hurrenez hurren. Denek epaile izatea aukeratu zuten.

zoom Jueces

Urtarrilean karrera judiziala hasiko duten lau egresatuak, oposizioak gainditu ondoren. Ezkerretik eskuinera: Pedro Doria Seviné, Ainara Vega Valencia, Ibai Yerro Arribillaga eta Paula López Jiménez.

Urtarril hasieran, laurak Bartzelonako Eskola Judizialean hasiko dira. Bertan praktiketako funtzionario gisa arituko dira urtebetez, eta, ondoren, prestakuntzako sei hilabete eginen dituzte epaitegi batean epaile tutore batekin, zeinekin epaiketetara joateko aukera izanen baitute, baina oraindik ebazpenik egin gabe. Ondoren, hiru hilabeteko hirugarren fase batera igaroko dira, non ordezko edo lan handia dagoenean laguntzeko epaile gisa arituko diren. Azkenik, 2023ko azaroan, bulegoak entregatzeko ekitaldia izanen da. Hor ofizialki graduatuko dira eta oraindik zehazteke dagoen destino bat esleituko zaie.

Azterketak eta epaile berrien ibilbidea

Karrera judizialean sartzeko probak 2021eko martxoan abiatu ziren. Izangaiek egin beharreko azterketak 325 gai zituen: 93 Zuzenbide Zibilekoak, 64 Zuzenbide Penalekoak, 27 Konstituzionalekoak, 58 Prozesal Zibilekoak, 39 Prozesal Penalekoak, 16 Merkataritzakoak eta 28 Administraziokoak eta Lanekoak.

Lehen azterketa test modukoa izan zen, eta 1.200 izangai pasatu ziren bigarren azterketara: Auzitegi Gorenean egin beharreko ahozko azterketa bat, zozketa bidez aukeratutako bost gairi buruzkoa (bi Zuzenbide Zibilekoak, bi Penalekoak eta bat Konstituzionalekoa). Azterketa horretan, 493 izangai pasatu ziren azkenekora, hau ere ahozkoa eta beste bost gairi buruzkoa (bi Zuzenbide Prozesal Zibilekoak, bat Prozesal Penalekoa, bat Merkataritzakoa eta beste bat Administrazio Zuzenbidekoa edo Laneko Zuzenbidekoa). Azkenik, 288 izangaik lortu zuten lanpostua, eta 12 lanpostu bete gabe geratu ziren.

Pedro Doriak (Iruñea, 1996) Azpilagaña IPn ikasi zuen, eta, ondoren, Basoko BHIn (Iruñean daude biak). NUPen egin zuen Zuzenbideko Gradua, eta graduatu ondoren oposizioa prestatzen hasi zen, 2018ko irailean. 

Paula López Jiménezek (Donostia, 1995) San José de Calansanz Ikastetxean ikasi zuen (Donostia), eta, ondoren, EAZko eta Zuzenbideko Gradu Bikoitza egin zuen NUPen. Graduatu ondoren, 2019ko apirilean hasi zen probak prestatzen.

Ainara Vega Valenciak (Tafalla, 1993) Marqués de la Real Defensa HLIPn ikasi zuen eta, ondoren, Sancho III el Mayor BHIn (Tafallan daude biak). Zuzenbideko Gradua NUPen egin zuen, eta, amaitutakoan, 2015ean, oposizioak prestatzen hasi zen. 

Ibai Yerro Arribillagak (Iruñea, 1996) Mendigoiti IPn ikasi zuen, eta, ondoren, San Fermin Ikastolan. Zuzenbideko Gradua NUPen egin zuen, eta, hura bukatu eta gero, oposizioak prestatzen hasi zen 2018an. 
Iruñean, 2021eko abenduaren 23an