Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Navarra de Infraestructuras Locales S.A. (NILSA) sozietate publikoak hitzarmen bat sinatu dute Unibertsitatean Tokiko Jasangarritasunari buruzko NILSA katedra sortzeko. Katedra horrek jakintza sortzen lagunduko du tokiko jasangarritasuna eta ekonomia zirkularra hobetzearekin zerikusia duten arloetan, hala nola hondakin-uren arazketan eta lohien eta hondakin organikoen tratamenduan, besteak beste.

zoom Ramón Gonzalo errektorea eta Ciriza kontseilaria

Ezkerretik eskuinera, Ramón Gonzalo errektorea eta Ciriza kontseilaria

Ramón Gonzalo Unibertsitateko errektoreak eta Bernardo Ciriza Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko kontseilariak sinatu dute hitzarmena. Katedraren helburuak NILSAren xedearekin lotuta daude: hiriko hondakin urak araztea, hiri hondakinak kudeatzea eta ura hornitzeko proiektuetan laguntzea, Nafarroako tokiko entitateekin lankidetzan. “Testuinguru horretan, NILSAk ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-estrategia bat zabaldu du, zaintza teknologikoa eta ikerketa aplikatua biltzen dituena, egiten dituen prozesuetan eta zereginetan etengabe hobetzeko”, hitzarmenaren testuan azaltzen den moduan.

Katedraren helburuak

Tuterako NUPeko campusean egin berri den drainatze jasangarriko proiektua egon zen lankidetza-hitzarmen horren oinarrian. Horrekin batera, uztailean, NILSAk beste batzuekin batera zuzendutako doktoretza-tesia aurkeztu zen, antibiotikoak hondakin-uretan indargabetzeko moduei buruzkoa. Bi ikerketa-ildoek zabalik jarraitzen dute enpresa publikoaren I+G+b arloan; Katedrari esker, beste batzuk ere landu ahal izango dira, hala nola nitrogenoaren eta fosforoaren berreskuratzea, bai hondakin-uretan bai haien ondoriozko lohietan.

Gainera, NILSAren instalazioetan unibertsitate-praktikak egiten jarraituko dute, Tuterako araztegian eta laborategian bezala, lankidetza akademikoak idatziko dira eta enpresa publikorako beharrezkoak diren ikerketa-eremuei buruzko doktoretza-tesiak finantzatuko dira. Dibulgazio-ekintzak eta gradu edo master amaierako sari bat ere aurreikusten dira NUPeko azken ikasmailetako ikasleentzat.

Batzorde mistoa eta batzorde aholku-emailea

Erakunde sinatzaile bakoitzeko bi-bost ordezkarik osatutako batzorde misto bat arduratuko da bai katedra eta bai jardueren urteko programa zuzenduko dituen pertsonaren izendapena proposatzeaz, bai eta programa hori gauzatzen dela gainbegiratzeaz ere.

Gainera, jarraipen batzorde bat ere izanen da, alde bakoitzeko bi-bost ordezkarik osatua, NUPeko errektoreak eta NILSAk izendatuak.