Joan eduki nagusira

“Crimen contra las mujeres en la India: descubrimiento de patrones espaciales y tendencias temporales de muertes por dote en los distritos de Uttar Pradesh” izeneko artikuluak, Journal of the Royal Statistical Society A aldizkarian argitaratuak, Estatistikako eta Ikerketa Operatiboko Sozietatea (EIOS) – BBVA Fundazioa 2021 Sarietako bat lortu du. Mª Dolores Ugarte Martínez katedraduna da ikerketaren burua, eta Tomás Goicoa Mangado katedraduna, Gonzalo Vicente ikertzailea (guztiak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatistika, Informatika eta Matematika Sailekoak) eta Paloma Fernández Rasines Soziologiako eta Gizarte Laneko Saileko irakaslea ere elkarlanean aritu dira ikerketan.

zoom Saritutako ikerketa-taldea

Saritutako ikerketa-taldea. Ezkerretik eskuinera, Paloma Fernández, Mª Dolores Ugarte, Tomás Goicoa eta Gonzalo Vicente

Estatistikako eta Ikerketa Operatiboko Sozietatea (EIOS) – BBVA Fundazioa 2021 Sarien II. edizioak bost sari eman dizkie bi diziplina horietako ekarpen berritzaileenei. NUPeko ikertzaileen artikuluak saria jaso du estatistikaren arloko ezagutzaren transferentzian, berrikuntzan edo esparru sozialean eragina duen ekarpen aplikatu onenaren modalitatean. “Gure lanak —dio Mª Dolores Ugartek— espazio- eta denbora-eredu konplexuak aurkeztu eta erabiltzen ditu Indiako emakumeen aurkako indarkeriaren arazo larria argitzeko”. Saria 6.000 eurokoa da.

Ikerketa-taldeak Uttar Pradesheko barrutietako emakumeak “doteagatik hiltzeko” duten arriskua aztertu eta kalkulatu zuen. India osatzen duten 29 estatuen artean populazio handiena duen estatua da, eta ia 200 milioi biztanle ditu. Dote esaten zaio andregaiaren familiak eman beharreko diruari eta bitxiei, senargaiarekin bizitzera joaten denean. Familia patrilokalen arteko ezkontza-akordio mota bat da, eta, dotea ematen ez bada, emaztearen hilketa edo suizidioa eragin dezake. Populazio ikerketa bat egin zen, eta aztergai izan zituen 15 urtetik 49 urtera bitarteko adina zuten eta estatu horretan bizi ziren emakumeen heriotza dotearen ondorioz.

Ikerketa 2020an amaitu zen eta aitzindaria izan zen, ordura arte ez baitzegoen indarkeria mota horren espazio-denborako azterketarik barruti mailan Indiako ezein estatutan. Ikertzaile nagusiak orduan azaldu zuenez "datu horiek ezagutzeak aukera ematen du jakiteko zer arrisku duen emakume batek barruti jakin batean indarkeria hori pairatzeko, eta horrek modua ematen du aztertzeko zer gertatzen den arrisku handieneko barrutietan; hala, politika publiko espezifikoak, eta, horrenbestez, eraginkorragoak diseinatzen ahal dira. Horretarako estatistika-metodologia sofistikatua erabili behar da, arrisku-probabilitatea modu fidagarrian aztertzeko aukera emango duena, eremu txikietako problema bat baita".

Ikerketaren arabera, Uttar Pradeshen gertatzen dira dotearen ondoriozko hilketen edo suizidioen % 29,20. Indiako estatuen artean, emakumeen proportzioa gizonen aldean batezbesteko nazionala baino txikiagoa duten Indiako estatuetako bat da Uttar Pradesh.

Bost sari modalitate

Honako modalitate hauek izan dira sarietan: Ekarpen metodologiko hoberena estatistikan, Ekarpen metodologiko hoberena ikerketa operatiboan, Ekarpen aplikatu hoberena estatistikan, Ekarpen aplikatu hoberena ikerketa operatiboan eta Ekarpen hoberena datuen zientzian eta Big Datan aplikatutako estatistikan eta ikerketa operatiboan.

Nazioarteko epaimahaiaren burua Gilbert Laporte izan da, HEC Montrealeko Ikerketa Operatiboko katedradun emeritua, eta CIRRELTeko, Batheko Unibertsitateko (Erresuma Batua) eta Moldeko Unibertsitateko irakaslea (Norvegia); eta honako hauek izan dira epaimahaikideak: Ana Paula Barbosa-Povoa, Lisboako Unibertsitateko Goi Mailako Institutu Teknikoko (IST) Operazio eta Logistika, Ingeniaritza eta Kudeaketa Saileko katedraduna (Portugal); Martine Labbé, Bruselako Unibertsitate Libreko Informatika Saileko katedraduna (Belgika); Frédéric Ferraty, Matematikako katedraduna Tolosako Jean Jaures Unibertsitateko Toulouse Mathematics Institutean (Frantzia); Michael Greenacre, Estatistika katedraduna Pompeu Fabra Unibertsitatean eta Barcelona GSEko irakasle afiliatua; Marc Sevaux, Ikerketa Operatiboko katedraduna Hego Bretainiako Unibertsitatean (Frantzia).