Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Hezkuntza Holistikoa eta Inklusiboa ikerketa-taldeak (EDHO·I) zientzia-dibulgazioko jardunaldi bat antolatu du gaixotasun arraroak dituzten ikasleen eskola-bizikidetzari buruz. Ostegunean, apirilak 15, izango da. Saio eta mahai-inguruak, “Gaixotasun arraroak dituzten ikasleak: bizikidetza eta aniztasuna eskola inklusibo batean” izenburupean, 10:00etan hasi eta 14:00etan amaituko dira. Sarioko Fernando Remacha eraikinean egingo dira, eta joateko izena eman behar da aurretiaz, baina “online” ere jarraitzen ahalko da Unibertsitateko YouTube kanalaren bidez, non grabatuta geratuko baita gero ikusteko.

Carlos Gimeno Gurpegui Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako kontseilariak, Begoña Pérez Eransus NUPeko Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreordeak eta Txema García Gila GERNAko lehendakariak (Nafarroako Gaixotasun Arraroen Taldea) emango diete hasiera jardunaldiei.

Ondoren, “Familien ahotsak gaixotasun arraroak dituzten ikasleen eskola-bizikidetzari buruz” izenburupeko mahai-ingurua egingo dute Txema García Gilak, Estíbaliz Huete Palosek eta Idoia Pérez Gallardok. Gero, “Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuaren jarduerak aniztasunaren eta bizikidetzaren inguruan” izenburupeko mahai-ingurua egingo dute, eta Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko teknikariek hartuko dute parte: Itziar Irazabal Zuazua, Idoia Carricas García de la Vega eta Eva Fuente Malo.

Ikerketak NUPen

Atsedenaldiaren ondoren, haurrentzako “Ana Montaña y el reino invisible” antzezlana izango da, Iluna Producciones konpainiaren eskutik. Gero, Lucía Pellejero Goñi, Nieves Ledesma Marín eta Paolo Scotton NUPeko EDHO·I taldeko ikertzaile eta irakasleek Nafarroan gaixotasun arraroak dituzten haurrak eskolatzeari buruz egindako ikerketak aurkeztuko dituzte, baita familientzat eta irakasleentzat argitaratutako hezkuntza-material batzuk ere; zehazki, “Las Gafas de lo Invisible” izeneko ipuin bat eta proposamen didaktiko bat, zeina doan eskuragarri baitago NUPeko Academica-e biltegiko webean.

Inés Gabari Gambarte Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoak emango dio amaiera jardunaldiari 14:00etan.

Jardunaldi hau NUPeko EDHO·I taldearen azken ikerketaren dibulgazio fasearen barruan kokatzen da. Ikerketa Nafarroako Gobernuko Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiak finantzatu du eta GERNArekin lankidetzan egin da (taldea GERNArekin elkarlanean ari da 2015etik). Ikertzaileek diotenez, ikerlanean, “agerian geratu da haurrak aniztasunaren aberastasunean eta berdinen arteko tratu onean hezi behar direla, ez baitute beti indarkeria hautematen, eta ikusi da gaixotasun arraroak dituzten ikasleek tratu txarrak jasaten dituztela ikastetxeetan”.