• www
  • Berriak
  • NUPeko ikertzaile batzuek Yeregui...

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaile batzuek (NUP) Yeregui nafar familiari buruz eta familiako bost belaunalditan mekanikari erlojugile izan direnei buruz idatzi dute Jaéngo Unibertsitateak argitaratutako “Figuras ilustres de la ingeniería mecánica en España e Iberoamérica” liburuaren kapitulu batean.  Zehazki, Jokin Aginaga García, Jesús María Pintor Borobia, Xabier Iriarte Goñi eta Adrián Claver Alba dira idazleak, NUPeko Ingeniaritzako Saileko ikertzaileak denak, eta Smart Cities Institutuko kideak lehenbiziko hirurak. Liburuaren argitaratzaileak, berriz, Rafael López García eta Emilio López Bautista dira.

zoom Idazleak

Yeregui familiari buruzko kapituluaren idazleak, NUPen. Ezkerretik eskuinera: Jesús María Pintor, Jokin Aginaga, Adrián Claver eta Xabier Iriarte

Izan ere, XVIII. mendearen bukaeratik XX. mendearen erdialdera, Yeregui familiako zazpi erlojugile aritu ziren dorre-erloju mekanikoak diseinatzen, eraikitzen, muntatzen eta haien mantentze-lanak egiten Nafarroako eta Nafarroa inguruko zenbait herritan. Iruñeko udaletxeko erloju zaharra besteak beste yereguitarrek eraikia zen, eta 1991ra arte funtzionatu zuen, hots, 150 urtez baino gehiagoz.

Kapituluan, bestalde, erlojugintza mekanikoaren aurrerapen garrantzitsuenen errepaso labur bat egiten da, XIII. mendearen bukaeran “ihes-mekanismoa” delakoa asmatu zenetik (erlojuaren abiadura erregulatzen duen mekanismoa) XX. mendearen erdialdean erloju-mekanismo elektrikoek ordeztu zuten arte.  Ikertzaileen esanean, Ingalaterran eman ziren aurrerapauso nagusiak erlojugintzan, errementaritzaren eta ingeniaritza mekanikoaren eskutik. Espainiako lehenbiziko adibideak XIV. mendekoak dira, eta XV. mendetik aurrera hasi ziren ugaritzen ordulari publikoak hiri nagusietan. Testuan zehazten denez, XVII. eta XVIII. mendeetan, “ia herri guztiek zuten dorre-erlojuren bat”.

Yeregui familiako erlojugileak eta haien obra batzuk

Yeregui erlojugileen leinua José Francisco Yeregui Zabaletak hasi zuen XVIII. mendearen bukaeran, eta Andrés Yeregui Eraso izan zen azken erlojugilea XX. mendean. Bi adar ditu familiak: batetik, Betelukoa, zeinak bost erlojugile izan baititu bost belaunalditan; bestetik, Zumaiakoa (Gipuzkoa), Benito eta Serapio anaiek osatua, zeinak Betelukoen laugarren belaunaldikoen lehengusuak baitira. Yereguitarrek eraikia dela ziur dakigun lehenbiziko erlojua José Franciscok egin zuen 1796an Betelurako, eta haren ondoren etorri ziren Egiarretakoa, Ihabarrekoa eta Olatzagutikoa besteak beste.

José Francisco Yereguiren eta María Josefa Canflancaren sei seme-alabetan gazteenak, Juan Manuelek, egin zuen Iruñeko udaletxeko ordularia, 1827an, nahiz eta hasiera batean San Lorentzo elizan instalatu zuten. Horrez gain, hark egin zuen Arbizuko dorre-erlojua ere. Haren iloba Juan José Yeregui ere buru-belarri aritu zen erlojugintzan, eta etxe handi bat eraikiarazi zuen Betelun, beheko solairua erloju-lantegi gisa erabiltzeko.

XIX. mendearen bigarren erdialdean, Bonifacio Yereguik segitu zuen lanbidean, industrializazio maila nabarmen handitu zenean, eta abagune horretaz baliatu ziren haren lehengusu Benito eta Serapio piezak fabrika handietatik ekarri eta erlojuak kopuru handietan muntatzeko. Orduko ordulari haietako batzuek funtzionatzen dute oraindik ere. Izan ere, Benito Yeregui da leinuko erlojugile oparoena, hark egindako laurogei ordulari baitaude dokumentatuak. Familiako azkeneko erlojugileak ere, Andrések, aparatuak diseinatu zituen. Aparatuak konpontzen eta haien mantentze-lanak egiten aritu zen batez ere, eta errementaritzako zenbait lan ere egin zituen.