Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) klaustroak Inmaculada Lizasoain Iriso Unibertsitateko Estatistika, Informatika eta Matematika Departamentuko Aljebraren arloko irakasle titularra aukeratu du Unibertsitateko komunitatearen ararteko berria izateko. Konpromiso profesionalak direla eta, ararteko berria ekainean hasiko da lanean, eta ordura arte Carmen Garcia Olaverrik jarraituko du jarduneko ararteko gisa.

zoom Inmaculada Lizasoain

Inmaculada Lizasoain, NUPen.

Inmaculada Lizasoainen izendapena Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) klaustroaren bilera arruntean egin da, klaustroa baita arartekoa hautatzeko ardura duen organoa. Zehazki, estatutuetan jasotzen denez, Unibertsitateko komunitateko kideen artean aukeratu behar da arartekoa, eta bileran dauden klaustrokideen hiru bostenen gehiengoa lortu behar du.

Unibertsitateko komunitatearen arartekotza

Unibertsitateko Komunitateko arartekoaren figura Unibertsitateei buruzko Lege Organikoan dago jasota, eta Unibertsitateko organo eta zerbitzuen jardueretan irakasleen, ikasleen eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen eskubideak eta askatasunak errespetatzen direla zaintzea du eginkizuna.

Bestalde, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuek zera adierazten dute IV. tituluan: Unibertsitate komunitatearen arartekoa Klaustroaren aginduz unibertsitateko komunitateko kide guztien eskubideak defendatzeaz eta babesteaz arduratzen den kargua da, bai eta Estatutuetan ezarritakoa betearazten duena ere. Arartekoa ez dago ezein agintari akademiko, gobernu-organo edo Unibertsitateko komunitateko beste ezein kideren aginduzko mandatuaren edo jarraibideen mendean, eta autonomia osoz betetzen ditu bere eginkizunak.

Ararteko berriak eginkizun hauek izanen ditu: Unibertsitatearen funtzionamenduari buruz egiten zaizkion kexak eta oharrak jasotzea, horretarako interes legitimoa duten pertsonek egindakoak; Unibertsitateko komunitateko kideen arteko desadostasunak eta gatazkak konpontzeko bitartekotza lana egitea; aztertzen dituen gaien organo eskudunei gomendioak egitea, izaera loteslerik gabe; eta klaustroari urtero egindako lanari buruzko txosten bat aurkeztea.

Ararteko berriaren irakaskuntza- eta ikerketa-jarduera

Inmaculada Lizasoain Iriso Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko Aljebraren arloko irakasle titularra da. Zientzia Matematikoetan lizentziaduna da Zaragozako Unibertsitatean, eta Matematikako doktorea Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

Bere irakaskuntzaren zatirik handiena Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoan garatu du, nahiz eta azken urteotan Matematikaren Didaktika irakasgaiak ematen hasi den Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean.

Bere ikerketa lana, argitalpen zientifiko ugaritan jasoa, Aljebraren arloan kokatzen da, bai taldeen teoriaren garapenean, bai Adimen Artifizialaren arloan dituen aplikazioetan. Erakunde publikoek finantzatutako zenbait ikerketa proiektutan hartu du parte. Kudeaketa akademikoari dagokionez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Matematika Sail zaharraren zuzendaria izan zen.

Gaur egun, Hezkuntza Berrikuntzarako Elkarte Estrategikoen Erasmus+ programak finantzatutako ANFoMAM proiektu europarra koordinatzeaz arduratzen da, "Haurrengandik ikasi irakasleak matematikaren arloan prestatzeko” izenekoa. Proiektu horretan, NUPez gain, Europako beste unibertsitate batzuek ere hartzen dute parte.