Joan eduki nagusira

Zenbait nazionalitatetako hamaika pertsona ari dira doktoretza-tesia egiten Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), Campus Iberus unibertsitate-partzuergoak talentua erakartzeko egindako “Iberus Talent” deialdiari esker. NUPek eta Europar Batasunak batera finantzatutako ekimena da (Marie Sklodowska-Curie programaren barruan, zeinak ikertzaileak prestatzeko eta mugitzeko hainbat ekintza biltzen baititu).

zoom Iberus

Hamaika “Iberus Talent” ikertzaileetako hamarrek taldean ateratako argazkia, NUPeko liburutegian. Ezkerretik eskuinera, atzeko lerroan: Ana Claudia Simões, Liliana Lai, Brian Omondi, Felipe Antunes, Augusto Vargas, Lara Bou eta Rasmi Janardahan. Bankuan, ezkerretik eskuinera, Liliana Andrea Morales, Yaneth Cardona eta Danielle Pires. Tunca Nüzket falta da argazkian.

Ekintza horri esker, Campus Iberusek osotara 36 ikertzaile sartu ditu prestakuntzan Campusa osatzen duten unibertsitate publikoetan (Zaragozako Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Lleidako Unibertsitatea eta Errioxako Unibertsitatea), eta ikertzaileek Espainian bizi ez izateko baldintza bete behar zuten. NUPi dagokionez, pertsona guztiak atzerritarrak dira, eta horietatik bederatzi Europar Batasunetik kanpokoak. 

Iberus Talent ikertzaileak

Jarraian, NUPen tesia “Iberus Talent”-en barruan egiten ari diren pertsonen zerrenda azaltzen da, eta haien azterketa-eremua adierazten da:

Felipe Antunes Dos Santosek (Brasil) datuen zientziatik abiatuta, gaixotasun neurodegeneratiboetarako biomarkatzaile goiztiarren irudietan oinarritutako analisia aztertzen du. Lara Bou Fakhreddinek (Libano) nekazaritzako elikagaien ezaugarri osasungarriak, nutrizio-etiketak eta kontsumitzaileek dituzten lehentasunak ditu ardatz, eta oliba-olioan jartzen du arreta. Bestalde, Yaneth Cardona Rodríguezek (Kolonbia) azaleko uretan antibiotikoak eta gai aktiboak kontrolatzeko modua aztertzen du, adsortzio-prozesuen eta prozesu fotokatalitikoen bidez (kimikaren arloa). Rasmi Janardahanen (India) ikerketa eremua nekazaritzako elikagaiak dira; zehazki, aurrez prestatutako plater osasungarriak aztertzen ditu, tokiko lehengaiekin modu jasangarrian egindakoak. Liliana Laik (Italia), bestalde, eraginkortasun handiko mikrobio-jatorriko biointsektizidak ditu ardatz.

Liliana Andrea Morales Laverde (Kolonbia) metizilinarekiko erresistenteak diren “Staphylococcus aureus” bidezko infekzioak tratatzeko terapia berriak aztertzen ari da Navarrabiomeden bidez. Tunca Nüzket (Turkia) ikertzen ari da, bestalde, EMGn (elektromiografia) oinarritutako teknika berriak, alboko esklerosi amiotrofikoaren (ELA) diagnostikoa eta pronostikoa egiteko. Bestalde, Danielle Pires Nogueirak (Brasil) bere proiektuan azaltzen du ardogintzako hondakina (pedunkulua) nola erabili osasun- eta elikadura-aplikazioak izanen dituzten antioxidatzaileak erauzteko. Bestalde, Ana Claudia Simões Da Mota (Portugal) ongarritze organikoa ari da ikertzen, nekazaritzako lurzoruaren kalitatearen ikuspegitik. Beste bi ikertzailek osatzen dute zerrenda: batetik, Augusto Vargas Gonzálezek (Txile) akuikulturan probiotikoen erabilera aztertzen du, bai eta giza gaixotasunen animalia-ereduetan duten onura terapeutikoaren ebaluazioa ere; eta bestetik, Brian Omondi Oduor (Kenia) nekazaritzak lurzoruaren higaduran eta uraren kalitatean dituen eraginei buruzko ikerketa egiten ari da NUPen, eta, horretarako, Nafarroako eremu zehatzetan jarriko du arreta.