Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak “Diccionario biográfico del socialismo histórico navarro” obraren bosgarren liburukia argitaratu du. Ángel García-Sanz Marcotegui eta Ana María González Gil dira egileak, eta nola edo hala ideologia horrekin lotura izan zuten 478 pertsonaren ahotsak biltzen ditu (O-Q deiturak). Historia Bildumaren 40. zenbakia duen argitalpena 28 euroan jarri dute salgai paperezko edizioan eta 14 euroan bertsio elektronikoan.

zoom Autores

Argitalpenaren egileak: Ángel García-Sanz Marcotegui eta Ana María González Gil

Egileek pertsona horietako bakoitzaren bizi-ibilbidea (jaiotza, ezkontza eta heriotza, baldin badakite), lanbidea, karguak eta idazkiak (baldin badituzte) deskribatzen dituzte, beren arazoak, ideiak eta abar ezagutarazteko. Horrez gain, jatorrizko dokumentuen erreprodukzioak eta argazkiak ere jasotzen dituzte.

“Diccionario biográfico del socialismo histórico navarro” obraren lehen liburukia 2007. urtean argitaratu zen, Nafarroako sozialismoaren garapena ezagutzera emateko helburuarekin, oso ezagunak ez diren probintzietako buruzagien eta, batez ere, tokiko buruzagien ibilbideen bidez. Lehen liburuki horretan, Nafarroako 220 sozialistaren edo sozialismotik hurbil zeudenen bizi-ibilbidea aztertu zen (A letratik F letrara bitarteko deiturak). Liburuki horretan Nafarroan jaiotakoak soilik sartu ziren, baina hurrengo liburukitik aurrera probintziatik kanpo jaio arren bertan bizi zirenak ere sartu ziren. Horrela, 2012an argitaratu zen bigarren liburukian beste 424 pertsonaren bizitzak aztertu zituzten (G eta H letrak); hirugarrenean, 730 pertsonarenak (I letratik L letrara); laugarrenean, 600 bat pertsonarenak (M-N letrak) eta orain argitaratutakoan, berriz, 476 pertsonarenak, besteak beste: Oláberri anaiak, Oneca, Orcoyen, Oroz, Paniagua eta Preciado Trevijano, Tiburcio Osácar, Cándido Pascual, Plaza de Castejón, Heriberto Pérez Urtubia eta Víctor Quintana.

“Diccionario biográfico del socialismo histórico navarro” obra Ángel García-Sanz Marcotegui Nafarroako Unibertsitate Publikoko Historia Garaikideko katedradunak abiarazi zuen 2007. urtean, Nafarroako mugimendu sozialistan parte hartu zuten hainbat pertsona gogora ekartzeko. III. liburukitik aurrera, Ana María Gonzalez Gilek ere parte hartu du obran, eta, hasieran obra osoan 600 ahots biltzea aurreikusten bazen ere, aise gainditu da hori; izan ere, prestatzen ari diren VI. liburukiarekin 2.500 bat pertsonaren bizitzak biltzea espero da.

Egileak

Ángel García-Sanz Marcotegui Historia Garaikideko ohorezko irakaslea da Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta ikerlan asko egin ditu Nafarroa eta Euskal Herri garaikideei buruz. Hogeita hamar liburu inguru idatzi ditu, baita gai honi buruzko hamabost bat kapitulu ere, eta beste hainbat argitalpen koordinatu ditu. Era berean, dozenaka artikulu idatzi ditu aldizkari espezializatuetan, eta hamaika doktoretza-tesi gidatu ditu. Bere azken liburuen artean, nabarmentzekoak dira La identidad de Navarra. Las razones del navarrismo (1866-1936) (2012), Liberales navarros a través de sus textos (1820-1823) (2018), eta La Confederación Liberal de la Montaña de Navarra (1836-1837) (2020).

Bestalde, Ana María González Gil Arte Ederretan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Gizarte eta Kultura Antropologian UHUNen. Halaber, Historia, Espazio eta Ondareko Ikerketa Masterra egin du Nafarroako Unibertsitate Publikoan.