Joan eduki nagusira

Oskar Fernández Luzuriaga (Iruñea, 1998) Ingeniaritza Informatikoko Graduko bosgarren ikasmailako ikaslea hautatu dute aurten ere Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Ikasleen Kontseiluko buru. Ikasleen Kontseilua ikasleen eztabaida, kontsulta eta ordezkaritza organoa da, eta gradu, graduondo eta doktoretza titulazioetako talde-ordezkariek eta talde horretako klaustrokideek osatzen dute.

zoom ConsejoEstudiantes

Oskar Fernández, Ikasleen Kontseiluko buru hautatu dute berriz.

 

2019ko abenduan hartu zuen lehenbizikoz kargu hori Oskar Fernándezek Iñigo García Gimeno ordezkatuz. Oskar Fernández Luzuriagak Mutiloako San Pedro ikastetxe publikoan eta Iruñeko Plaza de la Cruz institutuan egin zituen ikasketak, NUPeko Antzerki Taldeko kidea da, eta Navarra LAN Party topaketa antolatzen hartu du parte Teknologia Zabaltzeko Nafarroako Elkarteko kolaboratzaile gisa (ANDITEC). 

zoom ConsejoEstudiantes

Batzorde Iraunkorreko kide guztiak. Ezkerretik eskuinera, Marta López Marsá, Susan Polanco Picado, Julen Pedrosa Ganuza, Paula Carolina Lozano Duarte, Aitor Nicuesa García, Oskar Fernández Luzuriaga, David Rodríguez Hernández eta Natalia Garicano Erice.

Ordezkari berrien aukeraketa

Ikasleen Kontseiluko burua organo horren osoko bilkuran hautatu zuten. Horretaz gainera, Batzorde Iraunkorreko kideak berritu zituzten, eta saileko kontseiluetako, ikastegiko batzordeetako (fakultateak eta eskolak) eta ikastegietako kalitatea bermatzeko batzordeetako ordezkariak hautatu.

Oskar Fernández Luzuriagak Paula Carolina Lozano Duarte aukeratu du idazkari gisa, zeina Telekomunikazio Ingeniaritzako Graduaren Nazioarteko Programa ikasten ari baita eta CREUPeko Antolamenduko presidenteordea baita. Koordinatzaile gisa, berriz, Aitor Nicuesa García aukeratu du, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko Gradu Bikoitzeko Nazioarteko Programako ikasle eta Europar Batasuneko karrera profesionalen enbaxadorea NUPen.

Ikasleen Kontseiluaren osoko bilkuran, halaber, Batzorde Iraunkorreko kideak ere hautatu zituzten: Susan Polanco Picado (Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea), Natalia Garicano Erice (Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea), Garazi Aizkorbe Escriche (Zientzia Juridikoen Fakultatea), Marta López Marsá (Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoa), David Rodríguez Hernández (Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoa), Julen Pedrosa Ganuza (Osasun Zientzien Fakultatea), Sergio de la Rúa Pascual (Tuterako campusa) eta Mikel Imízcoz Aramburu (Doktoretza).

Ikasleen Kontseiluaren eginkizunak

Ikasleen Kontseilua eztabaida, kontsulta eta ordezkaritza organo gorena da, eta Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetzaren mende dago. Bere eskumenen artean daude, besteak beste, ikasleen ekimenak bideratu, eztabaidatu eta proposatzea; Unibertsitateko komunitateari buruzko informazioa biltzea ikasleei helarazteko; Unibertsitateko zerbitzuen ebaluazio prozesuetan parte hartzea; eta Kalitate Batzordean dituen ordezkariak hautatzea eta ikastegietako batzordeetako eta sailetako kontseiluetako kide izango diren ordezkariak hautatzea.

Horretaz gainera, ordezkari-lanak egiten ditu Espainiako zenbait organotan, esaterako Estatuko Unibertsitateko Ikasleen Kontseiluan (CEUNE), eta unibertsitateetako ikasleen kontseiluak biltzen dituzten hainbat elkartetan.

Ikasleen Kontseiluaren organoak hauek dira: batetik, osoko bilkura, zeina gutxienez urtean behin bildu behar baita, irakaskuntzaldian; eta, bestetik, Batzorde Iraunkorra, batzordeburuak, idazkariak eta zortzi kidek osatua (ikastegi bakoitzeko ordezkari bat, doktoretzako ikasleen beste ordezkari bat eta Tuterako campuseko beste bat).