Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) Espainiako hamalau erakundetan basogintzan espezializatutako ikerketa-talde nagusiak biltzen dituen sare bateko kide da, Klima Aldaketari Egokitutako Basogintzako Espainiako Sarekoa hain zuzen ere (SilvAdapt.net, RED2018-102719-T). Egokitzapenezko basogintza “basoak kudeatzeko modu bat da, duela hamar urte baino gehiago sortua basoak klima aldaketaren ondoriozko ingurumen kondizio berrietara egokitzeko”. Definizio hori eman du Antonio D. del Campo García Valentziako Unibertsitate Politeknikoko irakasle eta proiektuaren koordinatzaileak NUPeko udako onlineko ikastaro batean. Ekologiako Udako Eskolaren 6. edizioa du izena ikastaroak, eta Ekologia eta Ingurumena ikerketa-taldeak antolatu du. Proiektuko kideek klima aldaketak Espainiako basoetan duen eragina txikitzeko eta basoak hobeki egokitzeko modua bilatzen dute, eta adimen artifiziala eta antzeko beste baliabide batzuk erabiltzen dituzte horretarako.

“Klima aldaketak aspalditik ezagunak diren ondorioak ditu basoetan (lehorteak, suteak, izurriak, gaixotasunak, espezie inbaditzaileak...), baina are larriagoak dira orain”, laburbildu du Antonio D. del Campok udako ikastaroan emandako hitzaldian. Valentziako Unibertsitate Politeknikoko ikertzailearen esanean, “gauza ziurra da klima aldaketa, baina ez dago hain argi nola eragiten dion lurraldeari, eta zenbateko erresilientzia izanen duten basoek”. “Bestela esanda: prezipitazioen eta tenperaturen aldaketak ez dira zuzenean transposatzen  basoetako ekosistemen egituraren eta funtzioaren aldaketetan; izan ere, alderdi horiek beste faktore batzuen mende ere badaude, hala nola ekosistemen osaera eta funtzioa, adinen egitura, egoera klimatikoa eta basoen alderdi genetikoak”, gaineratu du.

zoom ikertzailea basoan

NUPeko Ekologia eta Ingurumena ikerketa-taldea Nafarroako zenbait basotan ari da lanean, eta taldeko ikertzaileetako bat da David Candel (argazkikoa)

Nolanahi ere, “egokitzapenezko basogintzaren bidez, arindu egiten dira klima aldaketaren ondorioak”. “Basoak modu horretan kudeatuz gero, zaindu beharreko basoa identifikatu ondoren, klima aldaketaren aurrean zer ahulezia dituen aztertzen da, eta horren arabera erabakitzen da nola jardun behar den baso horretan. Hori jakinda, erresistentziako, erresilientziako edo trantsizioko tratamenduak emanen zaizkio basoari”, esan du.

Ekosistema mantentzetik aldatzera

Erresistentziako tratamenduek “basoak klima aldaketari eta perturbazioei aurre egiteko duen defentsa ahalmena hobetzen dute, eta kondizioak aldatu gabe mantentzen dituzte ahal den neurrian; erresilientziako tratamenduek, berriz, nolabaiteko aldaketa eragiten dute, baina modua ematen dute perturbazioa gertatu aurreko kondiziora itzultzeko; azkenik, trantsizioko tratamenduek kondizio berri eta aldakorretara egokituz erantzun dezaten prestatzen dituzte ekosistemak”. “Funtsean, trantsizioko estrategiek ekosistemak aldatzeko balio dute, eta erresistentziakoek, aldiz, ekosistemak mantentzeko”, esan du adituak.

SilvAdapt.net Klima Aldaketari Egokitutako Basogintzako Espainiako Sareko ikerketa-taldeek jakintza sortu nahi dute, lurralde osora orokortzeko moduko egokitzapenezko basogintzaren esparru analitiko bat garatzeko. “Bestela esanda, baso jakin bati buruzko informazioa izatetik lurralde bati buruzko informazioa izatera pasatu nahi dugu, modelizazioa, adimen artifiziala eta antzeko baliabideak erabiliz, horrek modua emanen baitigu diagnostikoa egin eta erresistentziako, erresilientziako edo trantsizioko tratamenduak aholkatzeko, baso motaren, klimaren eta beste zenbait faktoreren arabera”, azaldu du Antonio D. del Campok. 

2020ko urtarrilean hasi zen sarea martxan, zortzi autonomia erkidegotako hamalau ikerketa-instituziok osatzen dute, NUPek besteak beste, eta Zientziaren eta Berrikuntzaren Ministerioak finantzatzen du. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ekologia eta Ingurumena ikerketa-taldeko zenbait ikertzailek hartzen dute parte proiektuan. Aurreikuspenen arabera, proiektua bukatzen denerako (2021eko abendurako), klima aldaketari egokitutako basogintzaren eskuliburu bat prestatuko dute, ekarpen zientifikoak egiteaz gainera, eta sareak elkarlanean segituko du hortik aurrera ere.

Nafarroako bi baso ikergai

Espainiako zenbait herritako ikerketa-esperientziak aztertu dituzte, batik bat Espainiaren ekialdeko eta hegoaldeko lekuetakoak. NUPek proiektuari egindako ekarpena hogei urtez baino gehiagoz ikertutako bi basoren emaitzak dira: Pirinioetako bi baso natural misto dira, Aizpurgitik eta Gardetik hurbil daudenak; pinu gorria dute espezie nagusia, eta pago estratu bat ere badute tartean. Izan ere, Nafarroako baso horietan ikertzen ari diren lur-eremuak epe luzeko monitorizazio programa batean aztertu ditu Ekologia eta Ingurumena ikerketa-taldeak, jakiteko zer aldaketa gertatu diren basogintzak eragindako prozesu ekologiko batzuetan (hazkuntza, elikagaien zirkulazioa, floraren osaera, zuhaitzen errezelaren hedadura eta abar).

David Candel Pérez udako ikastaroko zuzendarikide eta NUPeko Ekologia eta Ingurumena taldeko ikertzaileak esan duenez, horri esker “jakinen dugu zer-nolako eragina duten baso-soiltzeek eta beste tratamendu batzuek, eta zein den modurik onena basoak egokitzeko klima aldaketak zuraren hazkundean eta kalitatean duen ondorioetara”. NUP aspalditik ari da lur-eremu horietan monitorizazio lanak egiten eta laginak ikertzen, eta, horri esker, basoaren funtzionamendua eta jasangarritasuna aztertu ahal izan dituzte ekologiaren ikuspegitik. Bestalde, “lehorteek eta beste kondizio klimatiko batzuek arbolen hazkuntzari eta zuraren kalitateari eragiten diete, eta basoen kudeaketa egokiak txikitu eginen lituzke eragin horiek eta baita zuraren dentsitatearen gorabeherak ere”.