Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Leyre Catalán Ros doktoregaia izan da International Thermoelectric Society elkarteak (ITS) saritu duen Europako pertsona bakarra, termoelektrizitatearen arloan lan eta ibilbide originala eta eragin nabarmenekoa egin duten ikertzaile gazteen kategorian. Saria elkarte horren hurrengo nazioarteko kongresuan emanen diote, Krakovian (Polonia), 2021eko ekainean. Horretaz gain, Nafarroako Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialak kudeatzen duen Fuentes Dutor beka lortu du doktoregaiak.

zoom Leyre Catalán

Leyre Catalán doktoregai saritua, NUPen.

Leyre Catálan NUPeko Komunikazioetako, Bioingeniaritzako eta Energia Berriztagarrietako Teknologien programan (Tecomber) ari da egiten termoelektrizitatearen aplikazioei buruz doktoretza-tesia, Ministerioak emandako doktoratu aurreko FPU beka bati esker (Unibertsitateko Irakasleen Prestakuntza). Zehazki, David Astráin Ulibarrena eta Patricia Aranguren Garacochea irakasleek gidatutako tesian, jatorri bolkanikoko lurrazaleko bero geotermikotik elektrizitatea nola sortu ari da ikertzen.

ITSk emandako sariari dagokionez, Leyre Catalánek accesit bat eta 500 dolar eskuratu ditu, honako beste hauek bezalaxe: Wenke He (Beihang University, Txina), Xingchen Shen (Chongquing University, Txina) eta Kazuki Imasato (Northwestern University, AEB). Lehen saria Xinyue Zhang ikertzaileak irabazi du (Tonji University, Txina).

Hobekuntza zientifikorako Fuentes Dutor beka 

Bestalde, Fuentes Dutor fundazioaren bekari esker, Leyre Catalánek beste proiektu bat garatuko du: “monitorizazio bolkanikoko sistema erabat autonomo baten garapena”. Ikerketaren egileak dioenez, “garatu beharreko proiektuaren ideia tesitik sortu zen; izan ere, ikusi genuen sorgailu termoelektrikoek, gauzen Interneterako garatutako elektronikarekin batera, konponbidea ematen ahal diela monitorizazio bolkanikoko estazioen energia-hornidurari eta komunikazioei, zeinak ezinbestekoak baitira hurrengo erupzioak detektatzeko”. 

“Proiektu honen bidez gehiago sakonduko dut gai horretan, zenbait diziplinatako osagai garrantzitsuak konbinatuz: ingeniaritza termikoa, sorgailu termoelektrikoen azterketa eta optimizazio termikoa eginen baitut; materialen zientzia, ezinbestekoa baita zehaztea zer materialek irauten duten oso korrosiboak diren eta baldintza meteorologiko txarrak dituzten ingurune bolkanikoetan; eta, azkenik, elektronika, gailuari lotutako elektronika guztia garatuko baitut, sortutako seinalearen tratamendutik komunikazioetara. Sistema sendo, iraunkor eta ekonomikoa lortzen saiatuko naiz, egunen batean merkaturatu ahal izanen dena”, zehaztu du.

Leyre Catalánek Industria Teknologietako Ingeniaritzako Gradua eta Industria Ingeniaritzako Masterra egin zituen NUPen. Gainera, Nafarroan Energia Berriztagarriak sustatzeko Elkarteko buru izan zen (APERNA, NUPeko Energia Berriztagarrien Katedrari lotua), eta Smart Cities Institutuko kide da (ISC). NUPeko “Yo quiero ser científica” antzezlaneko aktorea ere bada.