Joan eduki nagusira

Lucía Serrano Sánchez Zientzia Juridikoetan doktore da Granadako Unibertsitatean, eta gaur egun aholkulari juridiko gisa dihardu nazionalitatean eta atzerritartasunean espezializatutako bulego batean. Doktoretza Tesien Jaime Brunet saria eskuratu du "Vulneraciones y acceso a los sistemas de protección de los derechos de la niñez y adolescencia inmigrante no acompañada en España y El Salvador" ikerketagatik. Jaime Brunet Fundazioak ematen duen sari horrek (Nafarroako Unibertsitate Publikoan, NUPen, du egoitza) 2.000 euro ematen ditu, eta lana argitaratzeko aukera. Bere helburua da doktoretza-tesiak aintzatestea, baldin eta haien oinarrizko ikerketa-edukiak harreman zuzena badu giza eskubideekin eta horien defentsa eta sustapenarekin.

zoom Lucía Serrano

La premiada, Lucía Serrano Sánchez, posa con la tesis doctoral en su actual lugar de trabajo

Ikertzaileak 2019an defendatu zuen tesia Granadako Unibertsitatean, eta Ana Rubio Castro Zuzenbidearen Filosofia Saileko katedradunak eta Mercedes Moya Escudero Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko eta Zuzenbidearen Historiako Saileko katedradunak zuzendu zuten, biak Granadako Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatekoak.

Bere ikerketan, inoren kargura ez dauden haur migratzaileen drama humanitarioa jorratzen du Lucía Serranok. “Lan hau garatzeko —azaldu du saridunak— funtsezkoa izan da Espainiako eta El Salvadorko zuzenbideen arteko azterketa konparatua egitea, horrek aukera eman baitigu beste batzuek adingabe migratzaileei eta, bereziki, inoren kargura ez dauden adingabe atzerritarrei buruz eztabaidaezintzat jotzen dutena zalantzan jartzeko”.

Ikertzaile honen iritziz, migrazio-arazoak Espainiako eta El Salvadorko testuinguruetatik erakusteak, zehazki inoren kargura ez dauden adingabeen migrazio-arazoak, "aukera ematen zuen giza eskubideen babes eta berme mailari dagokionez desberdinak diren bi errealitate sozial aztertzeko, migrazioak gogor markatutako bi testu geografiko eta migrazio-fenomenoaren bi erregulazio aztertzeko".

Ahuldadearekin amaitzea 

Giza eskubideen nazioartekotzeak eta globalizazio ekonomiko, kultural eta sozialak eragina badute ere, bi herrialdeen arteko desberdintasunek “aukera ematen dute, alde batetik, egiaztatzeko zein diren adingabeen eta adingabe migratzaileen eskubideak arautzearen ondorioak haiek babesteko esparru politiko eta sozial egokirik gabe; eta, bestetik, zein diren gizakiaren eta gizartearen errealitate hori ez aitortzearen eta araurik eta konpromiso politikorik ez egotearen ondorio negatiboak”.

Zuzenbide konparatuaren azterketa kritikoaren bidez, Lucia Serranok “inoren kargura ez dauden adingabe atzerritarren kolektibo subordiskriminatua ikusarazi nahi izan du, baita eraiki zaizkien ahuldadeak ere”. Bere tesiaren helburu nagusia izan da berme prozesalak eta babes-neurri espezifikoak planteatzea, lege-proposamen gisa, "adingabe horiei sortu zaizkien ahuldadeetako bakoitzarekin amaitzeko".

Jaime Brunet Fundazioak, sari horretaz gain, Jaime Brunet Nazioarteko Saria eta Jaime Brunet Unibertsitate Saria ere ematen ditu. Azken hori graduko eta masterreko ikasleentzat da.

Lucía Serrano Sánchezen CV laburra

Lucía Serrano Sánchez (Linares, Jaén, 1984) doktorea da Granadako Unibertsitatean, eta nazioarteko aipamena eta bikain "Cum Laude" kalifikazioa lortu zituen Zientzia Juridikoen doktoretza programan. Zuzenbidean lizentziatu zen hezkuntza-erakunde horretan berean, eta Nazioarteko Zuzenbideko eta Nazioarteko Harremanetako Unibertsitate Masterra eta Atzerritartasun Zuzenbideko Master Berekia ere egin zituen bertan. Nazioarteko mugikortasunerako doktoratu aurreko hiru bekaren onuradun izan zen. Lehenak, Erasmus Mundus Eureka SD bekak, bederatzi hilabeteko doktoretza-egonaldia egiteko aukera eman zion El Salvadorko Unibertsitate Teknologikoan (UTEC). Bigarrenak, Granadako Unibertsitateko Doktoregaien Nazioarteko Mugikortasunerako Plan Berekiak, hiru hilabeteko bigarren doktoretza-egonaldia egiteko aukera eman zion erakunde eta herrialde horretan berean, bere doktoretza-tesian sakontzeko. Hirugarren bekari esker, hots, Andaluziako eta Iberoamerikako Unibertsitateen arteko Mugikortasun Akademikorako Programari esker (AUIP barnekoa), doktoratu aurreko hirugarren egonaldi bat egin ahal izan zuen Kordobako Unibertsitate Nazionaleko Ikerketa Juridiko eta Sozialen Zentroan (Argentina), eta han amaitu zituen doktoretza-ikasketak.

Serrano Sánchezek hitzaldi ugari eman ditu El Salvador, Argentina eta Peruko nazioarteko kongresuetan. Gaur egun, aholkulari juridiko gisa lan egiten du Parainmigrantes.info-n, Espainia osoan erreferentea den nazionalitatean eta atzerritartasunean espezializatutako abokatuen bulegoan. Kontratupeko irakasle doktorea ere bada UTECen, non online irakasten baitu. Era berean, Granadako Unibertsitateko eta Bartzelonako Unibertsitateko I+G ikerkuntzako zenbait proiektutan parte hartu du.