Joan eduki nagusira

Ainhoa Zulet González nekazaritza-ingeniariak Nafarroako Unibertsitate Publikoan egindako doktoretza-tesiaren ikerketan aztertu du nola kinatoa (landareek modu naturalean sintetizatutako konposatu bat) belar glifosatoarekin konbinatuta aplikatzeak herbizidaren toxikotasuna areagotzen duela, eta, beraz, aukera ematen du erabilera jakin batzuetan herbiziden dosia murrizteko. 

zoom Ainhoa Zulet González

Ainhoa Zulet González

Hain zuzen ere, Ainhoa Zuletek herbiziden erabilera izan du ardatz, Amaranthus palmeri belar txarra kontrolatzeko. Hori da munduan arazo gehien ematen dutenetako bat, eta han glifosato herbizida jasaten duten populazio asko garatu dira. 

Haren ikerketaren helburu nagusia izan zen kinatoa gehiago erabiltzea glifosatoaren eragin toxikoaren sustatzaile gisa. “Lan honetan, zehaztu da glifosatoa erabili den egunaren biharamunean kinatoa aplikatuz gero herbizidaren dosi azpihilgarri bat bihurtzen zela populazio sentikorrean”, adierazi du autoreak, eta, haren ustez, “emaitza horiek aukera ematen dute bi konposatuak aplikatzeko, herbizidaren eraginkortasuna hobetzeko eta espezie horretako populazio sentikorren kontrolean dosia murrizteko”. 

Tesiaren izenburua "New insights in the regulation of the shikimate pathway after quinate as glyphosate enhancer in Amaranthus palmeri" da, Mercedes Royuela Hernando NUPeko Zientzien Saileko Landare Fisiologiako katedraduna eta Ana Zabalza Aznárez sail bereko irakaslea izan dira zuzendarikideak, eta bikain cum laude kalifikazioa lortu du. 

Curriculum vitaea 

Ainhoa Zulet González nekazaritza-ingeniaria da NUPen (2013) eta Ingurumen Agrobiologiako Masterra dauka (NUP-EHU, 2014). 2015ean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktoretza-programan hasi zen, non Ingurumen Agrobiologiako Nazioarteko doktore titulua lortu baitu orain. 

Zenbait argitalpen zientifikoren egilea, nazioko eta nazioarteko dozena bat biltzarretan hartu du parte, eta ikerketarako egonaldiak egin ditu Leibniz Institute for Plant Biochemistry-n (Alemania) eta Wisconsingo Unibertsitatean (EEUU). 

Belar Txarren Ikaskuntzarako Espainiar Elkartearen ikertzaile gazteen lan hoberenarentzako PHYTOMA 2019 SEMh saria eman diote bere ikerketa lanarengatik.