Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak bere V. Plan Estrategikoa onetsi du. Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2020-2023 aldian izango dituen lehentasunezko jarduera ildoak ezartzen ditu planak. Planak eraldaketa digitala eta garapen jasangarria azpimarratzen ditu; Nafarroako Foru Komunitateko Espezializazio Adimendunerako Estrategiarekin bat egiten du, eta unibertsitateak sortutako ezagutzak Nafarroako garapen ekonomiko eta sozialean duen eragina handitu eta ikusaraztea du helburu.

Plangintza estrategiko honek unibertsitatea ingurune berrira egokitzeko prozesua gidatzeko aukera ematen du. Alde horretatik, V. Plan Estrategikoak NUPeko lehentasunezko jarduera ildoak ezartzen ditu hiru ardatz estrategikoren inguruan: Unibertsitatearen eraldaketa, jakintzaren ekonomian oinarritutako garapen jasangarria eta posizionamendua.

zoom Nafarroako Unibertsitate Publikoa

Nafarroako Unibertsitate Publikoa

Ardatz estrategiko horien helburuak betetzeko, planak zazpi esparrutan jarduteko ildoak ezartzen ditu, horietako hiru lehen mailakoak (prestakuntza, ikerketa eta unibertsitate proiekzioa) eta beste lau zeharkakoak (pertsonak, nazioartekotzea, garapen digitala eta baliabideak). Osotara, zazpi helburu estrategiko eta hogeita hamar ekintza baino gehiago ezarri dira 2020-2023 aldirako.

Unibertsitatearen eraldaketarako ardatzaren bidez, Unibertsitateak eraldatu egin nahi du, eta urratsak egin antolaera dinamikoagoa eta ingurune digital berrira egokitua izan dezan. Hala, gaitasun handiagoa izango dugu aurrea hartzeko eta ingurunean aldaketak bultzatzeko, eta, horretarako, beharrezkoa da antolaeran, pertsonengan eta prozesuetan aldaketak eta doikuntzak egitea.

Bestalde, jakintzaren ekonomian oinarritutako garapen jasangarrirako ardatzaren bidez, Unibertsitatean sortutako jakintzak garapen ekonomiko eta sozialean duen eragina handitu nahi da. Unibertsitateak liderra izan nahi du garapen jasangarrirako bidean eta bere gain hartu ditu 2030eko Agendaren Garapen Jasangarriaren Helburuak.

Azkenik, posizionamendu-ardatzak bai barneko bai kanpoko interes-taldeek Unibertsitateari buruz duten pertzepzioa hobetu nahi du; hau da, talde horiek nola hautematen duten NUP erakundeak bere posizionamendua hobetu nahi duen alderdi batzuen inguruan.

Esku hartzeko plana

Azken hilabeteotan 287 lagunek egindako hausnarketa- eta lan-prozesu baten emaitza da plan hori. Unibertsitate-komunitatearen eta kanpoko pertsonen partaidetza zabala izan du, planaren jardun-eremu desberdinetan esperientzia handia duten profesional nafarrak.

Nabarmentzekoa da lana are handiagoa izan dela, haren zati bat COVID-19aren pandemiaren ondorioz aldarrikatutako alarma-egoeran egin delako. “Hala ere —esaten da dokumentuan—, horrek ez du eragotzi pertsona askok telelaneko formula berrien bidez dokumentua prestatzen laguntzea”.