Joan eduki nagusira

Jon Mariñelarena Ollacarizqueta Telekomunikazio ingeniariak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (UPNA) defendatutako doktore-tesi batek hobekuntzak proposatu ditu industria-aplikazioetan erabiltzen diren zuntz optikoan banatutako sentsoreetarako. Ikerketa lanaren izenburua “Contributions to the development of Brillouin distributed sensors for structural health monitoring” da. Alayn Loayssa Lara Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko irakasleak zuzendu du, eta “cum laude” kalifikazioa lortu du. 

Lanaren egileak dioenez, zuntz optikoan banatutako sentsoreak neurketa-metodo berritzaile eta iraultzailea dira. Azken urteotan, handitu egin da haien eskaera eta ezarpena obra zibilaren egiturazko osasuna, segurtasuna eta mantentze-lan prediktiboa monitorizatzeko (zubiak, presak, errepideak...), bai eta energia garraiatzeko erabiltzen diren egitura handietan ere (oliobideak, gasbideak edo goi-tentsioko lineak), sektore eolikoaz eta fotovoltaikoaz gainera. 

zoom Jon Mariñelarena

Jon Mariñelarena, NUPeko doktore berria.

Azken sektore horri dagokionez, “haizeak eguzki-jarraitzaileengan duen eragina suntsitzailea eta eragin ekonomiko handikoa izan daiteke, eta, beraz, panel fotovoltaikoen egiturei eusten dieten egiturak behar bezala monitorizatzeko inbertsioa interes handikoa da”, azaldu du tesiaren egileak. Hori dela eta, zenbait enpresak interesa dute haizeak bere aktiboetan duen eragina monitorizatzeko. Helburua da haizearen irismena ezagutzea eta denbora errealean jarraitzaileak kokatzeko moduan jardutea, kalteak murrizteko eta landareen errendimendua hobetzeko. Zehazki, tesiaren azken txanpan ikerketa-lan bat egin da STI Norland enpresarekin lankidetzan. Lan horretan, zenbait eguzki-jarraitzaile monitorizatu dira, eta lehen aldiz frogatu da “egitura batean zehar banatutako bihurdura-neurketak egiteko gai den neurri-sistema bat”, ikertzaileak dioen bezala.  

Jon Mariñelarenaren CV laburra 

Jon Mariñelarena (Iruñea, 1985) Telekomunikazioko ingeniaria da NUPen, non hainbat ikerketa-proiektutan hartu baitu parte. Gaur egun, RDT Ingenieros enpresako palen baliozkotze- eta saiakuntza-ingeniaria da. Abbott Medical Optics eta Hewlett Packard konpainiek Irlandan dituzten egoitzetarako ere aritu da lanean. 

Tesiaren ondorioz, egileak zortzi artikulu zientifiko argitaratu ditu eragin handiko nazioarteko aldizkarietan, eta bederatzi komunikazio nazioarteko biltzarretan. Horietako bat aukeratu zuten ahozko txostenerako Denverreko (Estatu Batuak) “SPIE Smart Structures + Nonddestrive Evaluation” konferentzian. 

Ikertzaileak egonaldi bat egin du “Chung-Ang University of Seoul” delakoan (Hego Korea), eta nazioarteko hainbat biltzarretan ere hartu du parte bere lanaren edukiaren aurkezpen eta dibulgazio zientifikoa egiteko, hala nola, Brasilen, Irlandan, Hego Korean, Suitzan, Estatu Batuetan eta Espainian.