Joan eduki nagusira

NUPeko Aprender-Ikasi Nafarroako Kutxa Fundazioa izeneko katedrak lehenengo bilera instituzional batekin jarri du abian bere jarduera, eta bertan adierazi du Nafarroako hezkuntza-komunitatearen zerbitzura jarri nahi duela etorkizuneko erronkei aurre egiteko. Izaera birtuala izan zuen lehen topaketa horretan, irakaskuntza presentzialetik irakaskuntza birtualera pasatzeak ekarri duen erronka nabarmendu da, irakasleek eta ikasleek COVID-19aren birusak eragindako konfinamendu-egoera horretan ikaskuntzari aurre egiteko egindako ahalegina aitortu da, eta, azkenik, elkarrekin lan egiteko premia ikusi da.

“Gaur egungo testuinguruan, irakaskuntza-metodologiei buruz eta tresna digitalek hezkuntzaren etorkizunean izan dezaketen eginkizunari buruz hausnartzeko premia nabarmentzen da”, adierazi zen katedraren bileran. “Hezkuntza komunitatean prestakuntza digitalaren beharra, azpiegituren hornidura, eten digitalak gainditzea eta etxeekin koordinatzeko premia dira, besteak beste, Katedrak on line irakaskuntza hezkuntza-sistemari balio erantsia emango dion osagarri bihurtzeko egin beharko dituen erronketako batzuk”, ondorioztatu zuten bertaratuek.

zoom ikasleak gelan

ikasleak gelan

Bitariko Batzordeak, Aholkularitza Batzordeak eta Katedraren zuzendaritzak hartu dute parte bilera horretan, baita NUPeko Kontseilu Sozialeko Bigarren Hezkuntzako Ikastetxeetako Zuzendarien Elkarteko gonbidatuek ere. Begoña Pérez Eransus Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Hedapeneko errektoreordea ere izan da bileran.

Errealitatea ezagutzea, gogoeta egitea eta eraldatzea

Katedra 2019an sortu zen, eta datuak bildu eta aztertzeko zentro gisa eratu zen, Nafarroako hezkuntza-errealitatea ezagutzeko eta ikastetxeetatik jasotako hezkuntza-premien arabera erabakiak hartzeko hausnarketa errazteko. Hasierako prestakuntzari eta etengabeko prestakuntzari erantzun nahi die, baita hezkuntza-berrikuntzarako lankidetza- eta ikerketa-beharrei ere. “Katedra hau Nafarroako hezkuntza-sistemaren eraldaketaren katalizatzailea izatea espero da, Nafarroako Gobernuarekin koordinatuta, ikasgelan metodologia aktiboak sustatuko dituen eta irakaskuntzaren kalitatea eta gizarteratzea helburu dituen eredu baterantz”, adierazi dute kideek.

Katedra oinarrizko printzipio batzuetan oinarritzen da, hala nola ikasleengan zentratutako ikaskuntza, metodologia aktiboak eta lankidetzakoak erabiltzea, ebaluazioa prestakuntza-prozesu gisa, irakasleak ikaskuntzen sustatzaile eta gidari gisa duen rola aldatzea, beste irakasle eta ikastetxeekin lankidetzan, eta ikasleak beren ikaskuntzaren subjektu aktibo gisa aldatzea. Azken batean, bizitzarako gaitasunak ikastea du helburu. Hurrengo bileretan, Katedrak ikasturte honetarako ibilbide orria ezarriko du.

NUPeko bi ordezkarik eta Nafarroako Kutxa Fundazioko bi kidek osatzen dute “Aprender-Ikasi Nafarroako Kutxa Fundazioa” izeneko katedraren Bitariko Batzordea. Bestalde, Katedra izenpetu duten Nafarroako hezkuntza arloko elkarte guztiek osatzen dute Aholku Batzordea: Nafarroako Institutuetako zuzendarien elkartea, Nafarroako Ikastolen Federazioa, Nafarroako Eskola Katolikoak, Nafarroako Irakaskuntza Zentroen Elkartea, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako zuzendarien elkartea, Euskarazko Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen elkartea eta Erriberako haur hezkuntzako eta lehen hezkuntzako ikastetxe publikoetako zuzendarien elkartea. Zuzendaritza, errektoreak izendatua, unibertsitateko hiru irakasle kide dituen talde batek osatzen du (Ana Mendióroz Lacambra, Alicia Peñalva Vélez eta María Napal Fraile).